EAJko juntari erantzunez

Enekoitz Esnaola (Kultur Mahaiko kidea) 2011ko uzt. 21a, 20:07

Azpeitiko EAJ-PNVko Uri Buru Batzarraren mahaiak prentsa oharra atera du, Kultur Mahaiko Talde Eragileari erantzunez (Jose Mari Bastidak Sanagustin kulturgune osatua geratu nahian auzitegietara jo duela jakinarazi zuen Mahaiko Talde Eragileak). EAJko herri batzordearen testu horretan zortzi aldiz aipatu nautenez, honatx neure zerak:

  • EAJko herri batzordeak Aitor Bengoetxea eta neu aipatzen gaitu behin eta berriz. Gu Sanagustinen proiektu honetan (ere) kanpora begira ez gabiltza pertsonalki, baizik eta beti Kultur Mahaiaren izenean, edo, kasuan kasu, operatibitate aldetik, Mahaiaren Talde Eragilearen izenean (eta honen oniritziz). EAJko udal taldeak ere badaki hori, Mahaiko Talde Eragileko akten bidez.
  • EAJko udal taldea Sanagustinen taberna-sukaldea jartzearen aurka azaldu da, bai Kultur Mahaiko Talde Eragileko bileretan, bai Kultur Mahaiko batzarretan, bai udal batzordeetan, bai udalbatzarretan. EAJko herri batzordeak ere atera zuen kontrako prentsa ohar bat martxoan. Zilegi da edonor (EAJ, adibidez) kontra egotea, eta hori adieraztea. Kultur Mahaiak EAJren jarrera hori errespetatu egin du, eta ez du sekula horri buruzko baloraziorik egin (hor daude Mahaiko aktak, eta prentsa oharrik eza).
  • Kultur Mahaiak proiektu honi buruzko bere erabakiak beti batzarretan hartu ditu. Hor daude Mahaiko bozketako emaitzak. Barne araudiaren arabera, herriko 25 kultur taldeek baino ez dute botoa emateko aukera —udal taldeek, norbanakoek eta teknikariek ez dute botorik—. Egitasmoaz egindako bi bozketetan: aldeko 44 boto, kontrako 1, txurizko 5. EAJko udal taldeak ere parte hartzen du Mahaiko batzarretan. Aktak ere hor daude (EAJk ere baditu). Gero Mahaiak onartutako proiektu honen kontra egin duela EAJk politikoki eta instituzionalki? Zilegi da, eta berak baloratuko zuen zer egin.
  • Sanagustin osatuaren proiektu honetan Kultur Mahaiak eta EAJko herri batzordeak ere izan dute hartu-emanik. Kultur Mahaiak eskatuta, Kultur Mahaiaren ekimenez. Informazio guzti-guztia eman diegu, dakigun guztia azaldu diegu, haien galdera denak erantzun ditugu. EAJk sekula ez digu dei bat bera ere egin, ez digu bilerarik eskatu. Jose Mari Bastidarekin berdin gertatu da: beti gu egon gara elkartu nahian, beti guk eman dugu informazioa. Bistan da jarrera desberdinak direla.
  • Kultur Mahaiak eta EAJko herri batzordeak Sanagustinen gai honen inguruan martxoan egindako bileran (EAJk proiektu honen kontrako prentsa oharra atera ondoren), EAJko juntakoek informazio falta handia zutela nabaritu genuen, eta esan ere esan genien (eman ere bai informazioa ordutik, EAJko udal taldeak bazuen arren). Adibidez, Sanagustinek tabernen ordutegitik kanpo lan egingo duela zioten, zer eta Kultur Mahaiak, orduko alkatearekin hitz egin ondoren, lehengo urteko azaroan baztertua zuenean aukera hori. Baina gaia orain ere badakarki EAJko juntak... Zarata eta bestelakoak ere aipatzen ditu oharrean. Gai horiek ere Mahaiaren proiektuan ageri dira, maiz hitz egin da batzarretan, eta neurriak aurreikusi ere bai (beti egongo da zer hobetua, jakina). Kudeaketa moduaz edo bestelakoez ere ari da EAJko junta. Zilegi da iritzi desberdina izatea, baina esan dut zer proiekturen alde egin zuen Kultur Mahaiak, eta ondorengo pasartean dator zer iritzi zion udal lehiaketako batzorde teknikoak.
  • Lokalaren adjudikaziorako oinarriak ez ziren ad hoc egin, EAJko juntak dioen bezala, oinarriak teknikoak zirelako. Edozeinek ditu eskura baldintzak. Adibidez, hau izan zen puntuazioa: 50 puntu kultur proiektuak (kulturgune bat da Sanagustin), 35 puntu proiektu ekonomikoak (besteak beste, kulturguneak ostalaritza izango duela zioen deialdiak, ekitaldi batzuetako sarrerak...), 15 puntu hobekuntzak. Oinarrietan ez zen agertzen herrikoa izateagatik-eta hainbeste puntu eta abar. Edozeinek zeukan udal lehiaketa publikora aurkezteko eskubidea. Kultur Mahaia aurkeztu egin zen, eta berak atera zuen. Udalaren batzorde teknikoaren balorazioa gure proiektuaz: "Oso ona" (Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udal kultur teknikariek osatu zuten batzorde teknikoa, eta EAJkoak ez beste udal taldek guztiek aintzat hartu zuten balorazio teknikoa).
  • EAJko juntak dio: "Kooperatiba egiteko pausuak ere aurrez emanak zituzten". Jakina, lehiaketara aurkezteko derrigor eman behar genituelako (guk, eta gure moduan zen edozeinek edozein lehiaketatan). Iraurgi Lantzen Azkoitiko eta Azpeitiko udalen agentziarekin egin genuen kooperatiba sortzeko prozesua, hasiera-hasieratik, EAJk ere dakien bezala.
  • Jose Mari Bastidak Sanagustin osatuari buruz aurkeztutako bi salaketez, esan zuen oharrean Kultur Mahaiko Talde Eragileak: "Bastidak eskubidea du salaketak sartzeko, baina Azpeitiko kultur taldeen proiektu bati (honi) errespeturik ez dio erakutsi, eta errekonozimendurik ere ez taldeei". Eta hau ere jakinarazi zuen: Bastidak Mahaiko bi ordezkariri aitortu ziela legedi argudioak "aitzakia" gisa erabili dituela kultur proiektu hau geratzeko asmoz. (ostalaritzako 25 metroko tartearen udal ordenantza aldaketari eta obren baimenari buruzko azalpenak badaude Talde Eragilearen oharrean).
  • EAJko batzarreko bi kidek neuri esan zidaten hau (ondoren aipatuko dudan batzarrean izan ziren): EAJko batzar batean Sanagustinen gai hau ez judizializatzea erabaki zen, eta Bastidak esan zuen berak sartuko zuela parte (hitza bete du). Ondorioz, EAJko batzarrak gaia ez judizializatzea erabaki bazuen, Bastidak Kultur Mahaiari beti zergatik aipatzen zion "EAJko juntarekin" egon behar zuela salaketen gaiaz? Kultur Mahaiko Talde Eragilearen ustez, judizializazioaz zerbait esan beharra zeukan EAJko juntak. Bastidak salaketak jartzeko duen eskubidea aitortu du juntak (Kultur Mahaiak ere bai), baina hark kultur proiektu bat (hau) auzitegietara eraman izanaz politikoki ez da posizionatu EAJko herriko zuzendaritza.
  • Honelako egoeratan lehen ere egon izan gara: herriko mugimenduek herri proiektu bat sortu-bultzatu (Uztarria Kultur Koordinakundea, Bai Euskarari, Urola Kostako Hitza, Gaztetxea...), eta EAJ hasieratik, kontra gogor. Baina proiektu horiek aurrera egin dute, eragileen eta herritarrei esker, eta EAJ gero igo izan da gurdira hola edo hala. Sanagustinek ere egingo du aurrera, ari da aurrera egiten. Kultur Mahaitik kanpoko hainbat eragile dagoeneko alde dira. Ea EAJren aldekotasuna ere duen biharko egunean. Ateak zabalik ditu berak ere; hasteko, ostiral honetako ekitaldian (20:00).

Enekoitz Esnaola (Kultur Mahaiko kidea; iritzi artikulua pertsonalki egin dut)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide