Amnistia Eguna eta Umeen Eguna ospatuko dituzte asteburuan

Uztarria.eus 2011ko uzt. 22a, 13:07

Amnistia Eguna izango da, bihar, zapatua eta manifestazioa eta herri afaria egingo dituzte

Igandean, berriz, Umeen Euskal Festa Eguna ospatuko da eta umeak baserritar arroparekin janzteko eskatu du Udalak

San Inazio festak gero eta gertuago dira, baina aurretik ere, asteburuan, festa giroa izango da Azpeitian. Bihar, zapatua, Amnistia Egunaren baitan hainbat ekitaldi izango da.

.19:00etan manifestazioa egingo dute igerilekutik abiatuta eta, segidan, 21:00etan afaria izango da Berdura Plazan. Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak festak ondo pasatzeko deia luzatu du, baina ondo pasatzearekin batera "euskal preso eta iheslari politikoek bizi duten egoerarekin bukatu beharra dagoela ohiukatu" behar dela adierazi du. Gainera, "prozesu demokratikoari arnasa eman eta prozesuak aurrera jarrai dezan presoek gutxieneko eskubideak errespetatuak izan" behar dituztela ere esan dute. Horrenbestez, festen testuinguruan antolatuta dauden ekimenetan "parte hartzera deitu" dituzte herritarrak.

Igandean umeen txanda

Igandean, uztailak 24, Umeen Euskal Festa Eguna ospatuko da, egun guztian zehar, eta Udalak haurrak baserritar arropekin janzteko eskatu du. Goizeko 10:00etan hasiko dira haurren eguneko ekitaldiak, Musika Eskolako txistularien eta Banda Gazteak goiz-eresiarekin. Ondoren, 10:45ean, haurrek Udalbatza irudikatuko dute eta plazatik parrokiara joango dira. 11:00etan, haurrentzako meza nagusia izango da parrokian, Juan Antxieta Musika Eskolako abesbatzak abestuta. Meza ondoren, 11:30ean, erraldoien desfilea hasiko da, parrokia ataritik.

Erraldoien desfilean hamalau herritako erraldoiek hartuko dute parte: Azpeitia, Bergara, Deba, Oiartzun, Azkotia, Hondarribia, Legazpi, Donostia, Zarautz, Elgoibar, Iruñea, Txantrea, Orduña eta Txantreakoak.

Eguerdian dantza saioari ekingo diote, herriko plazan. Aurrena, dantzari txikiak ariko dira eta, ondoren, erraldoien dantza txapelketa hasiko da.

Arratsaldean ere, 17:00etatik aurrera, izango dira haurrentzako jolasak eta puzgarriak, herriko plazan. 18:00etan, berriz, antzerkia eta txotxongiloen emanaldia izango da.

Gauean, 23:00etan, berriz, Cochinilla Killers taldeak kontzertua eskainiko du Perez Arregi plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide