Iñaki Etxarte deportatua atxiki dute Venezuelan

Uztarria.eus 2011ko ira. 2a, 00:09

Elena Barcena eta Xabier Perez ere atzeman dituzte

Venezuelako hedabideek azaldu dutenez, Kubatik Venezuelako kostara iristen ari zirela ontziak hondoa jo du eta bertan geratu dira, Los Roques inguruan

Azken ordukoa (zapatua, 21:31): Venezuelak Etxarte eta beste biak Kubara deportatu ditu

Iñaki Etxarte loiolatar deportatua atxiki dute Venezuelan, bertako hedabideek jakinarazi dutenez. Elena Barcena eta Xabier Perez Lekue deportatuak ere atzeman dituzte harekin batera. Efe Espainiako berri agentziak dio atzo izan zela atxikitzea, itsasoz Kubatik Venezuelara zihoazela.

Venezuelako hedabideek azaldu dutenez, hiru euskal herritarrak Haitiko herritar batekin batera zihoazen ontzian, Venezuelako kostara iristen ari zirela barkuak hondoa jo du eta bertan geratu dira, Los Roques inguruetan. (Informazio gehiago, Berria.info-n)

Espainiako Auzitegi Nazionalak Etxarteren estradizioa eskatu izan du, ETArekin lotura duelakoan.

Azpeitiarra 1987tik zegoen Kuban. Duela 30 urtetik dago herritik kanpora. "1981ean joan nintzen. Preso egon nintzen, eta gero Iparraldean. Bi urtez klandestinitatean ibili ondoren, 1985ean preso egon nintzen berriz Frantzian. Eta 1986ko urtarrilean Cabo Verdera bota gintuzten", zioen Etxartek 2005ean Urola Kostako Hitza-n.

Azken ordukoa (zapatua, 21:31): Venezuelak Iñaki Etxarte eta beste biak Kubara deportatu ditu.

Azken ordukoa (zapatua, 10:11). Batzar informatiboa egingo dute 19:30ean Azpeitiko plazan.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra). Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi). Soto del Realean (Espainia) preso, 420 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten, eta 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten.
- Jabi Agirre. Sevilla II (Espainia) preso, 957 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduan Espainiaratu egin zuten.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.
- Josu Urbieta. (Pow). La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatuak
- Iñaki Etxarte. Kuban zegoen deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide