Bi azpeitiar omenduko dituzte Legazpiko Artzain Egunean

Uztarria.eus 2011ko ira. 2a, 18:09

Angel Alberdi eta Atanasi Unanue dira, Arauntza baserrikoak

Urte luzeetako lanaren aitorpena jasoko dute igandean

Igandean, irailak 4, Gipuzkoako XXII. Artzain Eguna ospatuko dute Legazpin. Egun beteko festaren barruan, artzaintzan lanean aritutako eta ari diren hainbat laguni eskainitako omenaldi ekitaldia ez da faltako. Aurten, omenduen artean bi azpeitiar egongo dira: Angel Alberdi eta Atanasi Unanue, Arauntza baserrikoak. 13:00etan izango da Artzain Eguneko omenaldi ekitaldia, Legazpiko udaletxearen ondoan jarriko duten eszenatokian.

Urte luzeetako lanaren aitorpena jasoko dute igandean Arauntzako senar-emazteek, Angel Alberdik nolabait garrantzia kendu arren. "Omenaldi xumea izaten da, paper bat ematen dizute eta kito. Artzain zaharrenak edo lanean urte gehien daramatzatenak omentzen dituzte", dio; ondo ezagutzen du Legazpiko ekitaldia, "aspaldiko urteetan gehienetan" joan izan direla aitortzen baitu. 81 urte ditu Alberdik, eta 77 Unanuek.

Ardiekin "txiki-txikitatik" ibilia da Alberdi, eta oraindik ere segitzen duela kontatu dio Uztarriari, nahiz eta gaur egun "artalde txikia" duten, 60 burukoa, hain zuzen. Gazta ere egiten dute Arauntzan, "etxerako lain", eta behi batzuk ere badituzte. "Denera lantegi gutxi" dutela iruditzen zaio Angel Alberdiri.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide