Glual enpresak Brasilen, Indian eta Marokon egoitzak zabaldu nahi ditu

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 6a, 12:09

Glual enpresaren egoitza nagusia Azpeitian dago, Landetako industrialdean. (Nerea Uranga)

Glualen jardunaren %90 esportaziora zuzenduta dago, baina kopuru hori gehitzeko asmoa du

Aurreikuspenen arabera datozen hilabeteotan zabalduko ditu egoitzak

Azpeitiko Glual enpresak hedatzen jarraitzeko asmoa du, eta aurreikuspenen arabera datozen hilabeteotan Brasilen, Indian eta Marokon egoitza bana zabalduko du. Hala azaldu dute berri agentziek. Egoitza berriekin, nazioartean dituzten bezeroek eskatzen dizkieten "zerbitzuei gertuagotik erantzuteko asmoa" du Glualek. Horrez gain, aurrez aipatutako iturrien arabera, egoitza berrietatik herrialde horietako merkatuetako beharrak kontrolatzeko aukera izango du. Krisiari aurre egiteko merkatu berrietara zabaltzeko aukerari heldu dio Azpeitiko enpresak.

Glualen egoitza nagusia Azpeitian dago, Landetako industrialdean. Enpresak sistema hidraulikoak ekoizten ditu batik bat. 1969. urtean sortu zen Glual, eta hasieratik bertatik automatizazioko prozesu industrialetan espezializatutako enpresa izan da. Egoitza nagusia Euskal Herrian duen arren, Espainian, Katalunian, Alemanian, Bulgarian, Amerikako Estatu Batuetan eta Txinan ere egoitzak ditu. Glualen jardunaren %90 esportazioan oinarrituta dago. Orain, Brasilen, Indian eta Marokon egoitzak irekita esportazioa gehitzeko asmoa du. Azpeitiko, Marokoko eta Bulgariako egoitzen bidez Afrika eta Europako bezeroei erantzungo dio.

Txinan eta Indian izango dituen egoitzekin, berriz, Asiako eskaerari erantzuten ahaleginduko da. Brasileko egoitza berritik, aldiz, Amerikako Estatu Batuetan duen egoitzarekin batera, Amerikako eskariari adi egongo da. AEBn duen egoitzan konponketako eta mantenimenduko zerbitzua ere eskaintzen du Glualek.

Egungo krisi ekonomikoari aurre egiteko, Glualek nazioarteko merkatuetan parte hartzeko eta hedatzeko estrategiari heldu dio. Urtea bukatzeko falta diren hilabeteotarako eskaeren maila nahiko ona du enpresak, Txinan eta Bulgarian zabalik dituen egoitzei eskerrak.

Gehiena,energia alorrera

Glualen ekoizpenaren %65 energia alorrera zuzenduta dago, batik bat eguzki eta haize indarraren erabileraren alorrera, eta hidro- power eta itsas energiaren erabilerara. Hala, Glualen bezeroen artean enpresa hauek daude: ACS, Abengoa, Alstom, Iberdrola, Voith, Endesa, Acciona, Gamesa edota Orbinox.

Enpresaren gainontzeko ekoizpena, industriara edota burdingintzara zuzentzen du Glualek. Sektore hauetan dituen bezeroen artean daude: Danobat, Soraluce, Fagor edota Correa Anaiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide