Joxe Labaka gidariak sailkapenaren buruan jarraitzen du

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 6a, 12:09

Fiteroko Rallysprintean bigarren egin dute Joxe Labaka eta Aitor Otaegi auto gidari azpeitiarrek

Labaka txapelketako buruan dago, 144 punturekin

Euskadiko Rallysprint Txapelketaren buruan segitzen du Joxe Labaka azpeitiar auto gidariak. Auto lasterketetan lortzen ari den emaitza bikainei esker, lidertzari heltzen dio.

Joan den asteburuan Fiteroko V. Rallysprinta jokatu zuten. Lasterketa Angela Vilariñok eta Borja Guereñuk irabazi zuten, Subaru Impreza WRC autoarekin. Haien atzetik, bigarren, Joxe Labaka eta Aitor Otaegi azpeitiarrek egin zuten, Mitsubishi EVO V autoarekin.

Labakak Fiteron lanak eman zizkion Angela Vilariñori. Aurrenengo itzulian auto gidari azpeitiarrak lortutako emaitzari esker, Vilariñok azken bi itzulietan ahalegin berezia egin behar izan zuen lasterketa irabazteko.

Lider 144 punturekin

Angela Vilariño atzetik gertu du Labakak, baina asteburuko proba eta gero ere Euskadiko Rallysprinten Txapelketako buruari eusten dio. Labakak 144 puntu ditu, eta atzetik Vilariño du 114 punturekin. Txapelketako sailkapeneko hirugarren postuan Iker Gayoso dago 97 punturekin.

Hurrengo rallysprinta Aramaion (Araba) jokatuko da, irailaren 17an, 15:30ean hasita. Auto lasterketa hori ere Euskadiko Rallysprint Txapelketarako puntuagarria izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide