Krisiaren Aurkako Planaren baitan diru-laguntza berriak Azpeitiko enpresentzat

Uztarria.eus 2011ko ira. 6a, 19:09

Astigarraga Kit Line, Biele eta Glual ageri dira GAOn argitaratutako zerrendan

Gipuzkoako Foru Aldundiak berrikun­tza eta enpresa garapenaren bidez lehiakortasuna bultzatzeko banatuko ditu aipatu laguntzak

Krisiaren Aurkako Planaren baitan diru-laguntza berriak jasoko dituzte Azpeitiko hainbat enpresak. Astigarraga Kit Line, Biele eta Glual ageri dira GAOn -Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala- argitaratu berri den ehun enpresaren zerrendan.

Aipatu planaren baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiak hausnarketa prozesuetan dauden Gipuzkoako enpresa proiektu estrategikoak bultzatzeko diru laguntzak ematea arautzen zituen oinarriak onartu zituen joan den otsailean. Orain, Diputazioak diruz lagunduko dituen proiektuen zerrenda eta bakoitzari egokitu zaion diru-kopurua argitaratu dute.

Azpeitiko enpresen kasuan, Astigarraga Kit Line-ek 101.925 euroko laguntza jasoko du, eraginkortasuna hobetzera bideratutako produkzio prozesuen berringeniaritza proiektua garatzeko; Bielek, berriz, 34.616,70 euroko laguntza izango du, lehiakortasuna hobetzeko proiekturako; eta atzerrian egoitza berriak irekitzekotan den Glualek 101.976 euro, kontratazioetarako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide