Aurpegi berriak denboraldi berrirako

Uztarria.eus 2011ko ira. 7a, 20:09

Hirugarren Mailako Lagun Onakek larunbatean, irailak 10, jokatuko du ligako hirugarren jardunaldiko partida, etxean

Lan Mobel Iraurgik, berriz, urriaren 9an ekingo dio 2011-2012ko Zilarrezko LEB ligari

Batzuk hasi berritan eta besteak oraindik hasteko, eta azken orduko nobedaderik ez bada, denboraldi berrirako taldeak itxita dituzte Lagun Onakek eta Lan Mobel Iraurgik. Ikasturte hasieretan ohikoa izaten denez, aurpegi berriak ez dira falta, ez batean eta ez bestean.

Zazpi joan, zortzi etorri

Espainiako Hirugarren Mailako ligaren IV. multzoan lehiatuko da sasoi berrian ere Lagun Onaken talde nagusia. Aurreneko bi jardunaldiak osatu ditu jada Azpeitiko futbol taldeak: aurrenekoan berdindu egin zuen (0-0) Santutxuren zelaian, eta bigarrengaon 0-1 galdu, azken minutuan, Portugaleterekin. Larunbatean, irailak 10, jokatuko du ligako hirugarren jardunaldiko partida, etxean, Alavesen kontra (16:30).

Iñaki Eskisabel lazkaotarrak entrenatuko du aurten ere Lagun Onak. Taldeari dagokionez, zortzi dira izen berriak: Iñaki Olaizola (Izarratik dator) eta Javier Sansebastian (Real Union B-tik) atezainak; Eneko Ansola (Lagun Onaken Erregional mailako taldetik), Gaizka Menendez (Durangotik) eta Jon Aranda (Sansetik) atzelariak; Oinatz Elustondo (Portugaletetik) eta Asier Gorostola (Zumaiako B-tik), Azpeitikoak biak, erdilariak; eta Julen Zaitegi (Amurriotik) aurrelaria.

Zazpi jokalarik utzi dute taldea: ikasketak medio Joseba Irazustabarrenak, Mikel Azkoitik, Unai Etxeberriak eta Unai Torresek; Anaitasunara joan da Joseba Bastida, eta Azkoitiko taldean arituko da Lur Etxeberria ere, azken hau Lagun Onakek utzita; Jon Arruek, berriz, Vitoria taldean jokatuko du denboraldi honetan.

David Tejera (atezaina); Hodei Tena, Iban Agirrezabala, Beñat Larrañaga eta Ibon Morales (atzelariak); Josu Aranburu, Alex Altolagirre, Julen Santesteban, Ruben Aranburu eta Iñigo Saizar (erdilariak); eta Gorka Blanco eta Asier Otegi (aurrelariak) dira aurreko denboralditik jarraituko dutenak.

Entrenatzaile berria ere bai

Lan Mobel Iraurgik, berriz, urriaren 9an ekingo dio 2011-2012ko Zilarrezko LEB ligari. Galizian, Ourenseren kantxan, jokatuko dute lehen neurketa.

Aurpegi berri ugarirekin ekingo dio denboraldiari Azpeiti-Azkoitiko saskibaloi taldeak. Aurpegi berrietako bat entrenatzaile karguan izango du. Joan den ekainean Jon Txakartegik jarraituko zuela iragarri bazuten ere, Txakartegi ACBko Lagun Aro GBCen arituko da, eta Iurgi Caminosek hartu du haren lekukoa Iraurgin. Caminos jokalari zela iritsi zen Azpeitira, 2004an. Entrenatzaile gisa, berriz, EBA Ligan esperientziaduna da, eta azken urteotan Iraurgiren harrobian egin du lan.

Jokalariei dagokienez ere ez da berrikuntzarik falta Lan Mobel Iraurgi taldean. Hain zuzen ere, hiru bakarrik dira 2011-2012 denboraldian errepikatuko dutenak: Joseba Ibargutxi joko-antolatzailea, Xabier Osa hegalekoa, eta Aritz Martinez pibota.

Zortzi jokalari berri izango ditu Lan Mobelek aurreko denboraldiarekiko, esperientzia eta gaztetasuna uztartuz. GBC-k utzita, Mikel Motos eskoltak eta Julen Olaizola pibotak Iraurgiren talde nagusiarekin jokatuko dute aurten. Santurtzitik dator Marcos Casado antolatzailea, eta iaz EBA Ligako Valencia Basquet taldean ibili zen Beñat Barberena, hegaleko-pibota. Bi atzerritar ere ekarri ditu ISBk: Alfredo Ott eskolta estatubatuarra Logroñoko Clavijotik dator, eta Ola Atoyebi pibot nigeriarra Marín Peixegalegotik.

Eta azpeitiar gazte batekin osatuko dute hamar jokalariko zerrenda. Ibon Guridik 19 urte ditu, hegalekoa da eta, aurreko denboraldian talde nagusiarekin aurreneko esperientziak bizi ostean, aurten Lan Mobeleko kide oso izatera igaroko da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide