CSN enpresak Corrugados erosteko akordioa kolokan dago

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 8a, 11:09

Azpeitiko bi plantetako langileen ordezkari sindikalek ez dute bi enpresen arteko negoziazioen berririk

El Correo egunkariaren Bizkaiko edizioan esaten zenez, bi enpresen arteko akordioa haustear dago

Joan den maiatzean Grupo Alfonso Gallardo enpresak Brasilgo Compahia Siderurgica Nacional (CSN) enpresarekin akordioa sinatu zuen. Horren arabera, CSNk Azpeitiko Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao enpresak erosiko zituen, besteak beste. Baina, atzo, asteazkena, El Correo egunkariaren Bizkaiko edizioan esaten zenez, bi enpresen arteko "akordioa haustear dago".

Negoziazio luzeen ondoren, maiatzean bi enpresek akordioa sinatu zuten. Hitzarmen horren arabera, CSNk Corrugadosek Azpeitian dituen bi enpresak, Alemaniako Thüringen herrian duen beste enpresa, eta Cementos Balboan dituen akzioak erosiko zituen. Baina, 'El Correo'-k azaldu duenez, bi enpresek "irizpide kontrajarriak dituzte", eta, ondorioz, akordioa bertan behera gelditzeko zorian egon daiteke. Aurrez aipatutako bi enpresak saltzeko Gallardo beste aukera batzuk aztertzen hasita dago.

Langileek informaziorik ez

Bi enpresen arteko hitzarmenarekin gertatzen ari denaren berririk ez dutela salatu dute Azpeitiko Corrugados enpresetako ordezkari sindikalek. Enpresako zuzendaritzak enpresa batzordeari inolako informaziorik ez diola ematen azaldu diote 'Urola Kostako Hitza'-ri. Zuzendaritzak informazio zuzenik ez die eman langileen ordezkari sindikalei, eta ez dakite kontuak nola dauden. ELA eta LAB sindikatuek dituzte ordezkaritzak Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao enpresetan.

Enpresara ere jo du 'Hitza'-k, baina ez du erantzunik jaso.

Joan den maiatzaren erdian Brasilgo enpresaren arduradunak Azpeitian izan ziren, eta udaletxean ere hartu zituen orduko alkate Julian Eizmendik. Alkatearekin baera, CSNko eta Corrugadoseko ordezkariak bildu ziren udaletxean , eta salerosketaren berri eman zuten bertan. Orduan, Corrugadoseko enpresa batzordeak idatzia kaleratu zuen , "enpresen salmentaren aurre akordioa sinatuta dagoen berria Udaleko ordezkari nagusiak prentsan emandako albistearen bitartez" jakin zutela salatuz.

Egun batzuk geroago, maiatza bukatu aurretik, Brasilgo siderurgia taldeak Azpeitiko bi plantegatik, Alemaniako enpresagatik eta Balboa zementu fabrikako akzioengatik 970 milioi euro ordainduko zituela azaldu zuten.

Gaur egun Corrugados Gallardo taldearen baitan dauden Azpeitiko bi enpresek hainbat jabe izan dute sortu zirenetik: Ucin taldea (sortzailea), Aceralia, Arcelor eta Alfonso Gallardo.

Krisiaren eraginak

Corrugados Azpeitia enpresako langilean joan den martxotik Lana Erregulatzeko Txosten pean daude.

Pasa den ekainaren bukaeran, berriz, Corrugados Azpeitia enpresako hamalau langilek mugagabeko lan leku aldaketa agiria jaso zuten, eta uztailaren 28rako Jerez de los Caballeroseko enpresara (Badajoz, Espainia) joateko agindua jaso zuten. Orduan, enpresaren erabakiaren kontra auzibidera jo zuten langileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide