Urrestillan uholdeak saihesteko lanak egiten hasi dira Ibaieder ibaian

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 12a, 11:09

Ibaieder ibaia zabaltzeko obrak hasi dituzte.

Ibaia zabaltzearekin batera, ur zikinak eta garbiak bereizita biltzeko lanak egingo dituzte auzoan

Bihar, asteartea, proiektuaren inguruko informazioa emango du Ur Agentziak Urrestillan bertan

Urrestillan, Ibaieder ibaian, uholdeak saihesteko lanean hasi dira. Joan den hilean ekin zioten ibaia zabaltzeko lehen lanei Txandrameneko soroan. Joan den uztailean obrak egiteko agindua eman zuen Uraren Euskal Agentziak, eta abuztuan hasi ziren lanean Construcciones Moyua SL enpresakoak. Lanak hamabost hilabeteren buruan egitea aurreikusten dute, hain zuzen ere datorren urteko urrirako.

Lanen esleipen aurrekontua hiru milioi euro pasakoa da. Lan hauek bi helbururekin egingo dituzte: bat Urrestilla uholde arriskutik babestea da eta, bestea, hondakin urak bideratzea eta era berean Urrestillan ur zikinak eta ur garbiak bereiztuta biltzea.

Ibaieder ibai ertzean egingo dituzten lanak, Landetako Antzibarrena industrialdetik Urrestillara bitartekoak dira. Urrestillako hondakin urak bilduko dituen hodia, Antzibarrena industrialdeko hodikoarekin lotu eta Lasaoko araztegira bideratzea da obra hauen asmoetako bat.

Urrestillak uholdea izateko duen arriskua saihesteko egingo dituzte lanak. Izan ere, Uraren Euskal Agentziaren arabera, euri asko egiten duenean ibaiak hartzen duen altuera Urrestillako muina baino altuagoa da. Horregatik, gune hori "uholde arriskuko gune" bezala dago izendatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzen eta Erreken Arloko Planean.

Lanak egiteko 3.183.330 euro eman dituzte, eta horiek %100ean Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu. Bestalde, Azpeitiko Udalak proiektua idazteko eta lurrak prestatzeko ardura izan du. 2008ko abendurako idatzi zuten proiektua, eta Eusko Jaurlaritzaren oniritzia jaso zuen ondoren.

Lan hauen bidez, Urrestillan ibaia zabaldu egingo dute, eta ur handiak direnean oztopo egiten duten presa bat eta bi zubi eraitsiko dituzte. Bi zubi horien ordez, ordea, ibilgailuentzako zubi bat eta oinezkoentzako beste bi zubi eraikiko dituzte.

Urrestillako kalean ere lanak

Hondakin urak bilduko dituen hodia Urrestillako herrigunetik Antzibarrena industrialdera artekoa izango da. Hodi honek etxebizitzetako eta industrialdetako ur zikinak bilduko ditu. Horretarako, Urrestillako herrigunean ur zikinak eta garbiak bereizteko saneamendu sarean obrak egin beharko dituzte.

Proiektuaren inguruko informazioa

Bestalde, Ur Agentziak proiektuaren inguruko informazioa emango du bihar, asteartea, 18:30etik aurrera Urrestillako Jubilatuen txokoan. Urrestildarrek eta interesa duten guztiek bertaratzeko aukera izango dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide