Azpeitiko Emakumeen Txokoa larunbatean zabalduko dute

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 13a, 12:09

Herritarren eta herriko taldeen esku egongo den baliabidea dela esan dute Emakumeen Mahaiko Kideek

.12:00etan izango da irekiera ekitaldia, eta parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak

Larunbat honetan Azpeitiko Emakumeen Txokoa jarriko dute martxan, Izarraitz pilotalekuaren beheko lokaletan, Gaztelekuaren azpian (sarrera haur parke estalitik du). 12:00etan izango da irekiera ekitaldia, eta parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak Emakumearen Mahaiak eta Udaleko Parekidetasun batzordeak.

Emakumearen Txokoaren helburua herriko parekidetasunaren aldeko ekimen, aldarri eta taldeen topalekua izatea da. "Emakumeen ahalduntze prozesua bultzatzeko tresnak eskainiko dituen gunea izango da", azaldu dute txokoaren arduradunek. Besteak beste, ondoko ekimenak egingo dituzte: bizitzako esparru askotan emakumearen partehartzea sustatzeko ekimenak; emakumeen papera eta lana ikustarazteko ekimenak; edota, sexu edo sexualitate arrazoiak tarteko baztertzen dituzten sektoreekin lotutako ekimenak. Parekidetasunaren aldeko politiken inguruko informazioa jasotzeko herritarrentzako zerbitzua ere bertan egongo da.

Emakumeen Txokoa herritarren esku egongo den baliabidea izango dela adierazi dute Emakumeen Mahaikoek. "Pertsona indibidualek edota taldeek erabiliko ahal izango dute". Horrez gain, Udaleko Parekidetasun Sailak herrira begira antolatutako ekimen eta ekitaldi asko bertan egingo da: Jabetza Eskolako ikastaroak, hezkidetzari buruzko aholkularitza bulegoa, sexualitateari buruzko aholkularitza bulegoa, hitzaldiak, eztabaidak eta abar.

"Zerbitzuak indartzeko"

Ekimen horiek guztiak egiteko toki finko eta jakin bat izateak "zerbitzuak indartzea" dakarrela adierazi dute. "Era horretan herritarrek leku erreferente bat izango dute".

Hainbat gune izango du Emakumeen Txokoak: harrera, bulegoa, balioanitzeko aretoa eta bilera gela. Harrera gunean, haurrentzako txoko bat ere egokitu dute, ekitaldiak eta ikastaroak dauden orduetan nahi dutenei haurtzaindegi zerbitzua emateko. Bulegoan, berriz, Emakumeen Txokoaren dinamizatzailea, hezkidetza proiektuko arduraduna eta sexualitateko orientatzailea egongo dira.

Larunbatean jarriko dute martxan Emakumeen Txokoa eta dagoeneko urritik abendura bitartean bertan emango diren ikastaroak eta hitzaldiak antolatuta dituzte. Asteazkenero hitzaldiren edo kafe tertuliaren bat antolatzeko asmoa ere badute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide