Xakerako zaletasuna sustatzeko txapelketa

Uztarria.eus 2011ko ira. 15a, 20:09

Roman Azkue, Igor Aranbarri eta Manuel Unanue (ezkerretik eskubira), txapelketaren aurkezpenean.

Zapatuan, Auzolanari Klik! Hik lan eta nik jai egunaren baitan jokatuko dute, plazan, 16:00etan hasita

Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako hamar taldek hartuko dute parte

Zapatuan, Auzolanari Klik! Hik lan eta nik jai egunaren baitan Azpeitiko I. Xake Txapelketa jokatuko dute, plazan, 16:00etan hasita. Kilometroak 2011ren antolatzaileekin eta Udalarekin bat egin dute Azkoitiko Anaitasuna Kakute taldekoek, Azpeitiko xake-zaleekin batera, eta xakerako zaletasuna sustatzea helburu duen txapelketa antolatu dute.

Gaur eguerdian aurkeztu dute txapelketa, udaletxean. Manuel Unanue Kirol batzordeburuak azaldu duenez, xake jokoa zabaltzeaz gain Azpeitian ere kluba sortzea dute helburu antolatzaileek. "Zapatuko txapelketa Azpeitian xakerako zaletasuna sustatzeko hasiera izengo da -esan du Unanuek-. Bi urtera-edo kluba sortzea aurreikusten dute. Poliki-poliki joango dira xakea Azpeitian zabaltzen, eta Azkoitiko kluba horretarako prest dago, erakusteko eta".

Izan ere, eta KMK 2011ren koordinatzaile Roman Azkuek esan duenez, Anaitasuna Kakute xake taldekoak beraiek jarri ziren harremanetan Azpeitiko Ikastola Ikasberriko antolatzaileekin, Kilometroen egitarauaren barruan xake txapelketa egitea eskaintzeko: "Egunean bertan bestela ere nahikoa lan bagenuela, eta zapatuko festa egunean egitea proposatu genien. Ondo iruditu zitzaien eta horrela antolatu dugu, elkarlanean".

Anaitasuna Kakuteko Igor Aranbarrik, bere aldetik, "eskerrak eman" dizkie Kilometroetako antolatzaileei eta Udalari, "aukera emateagatik", eta txapelketaren xehetasunak azaldu ditu. Txapelketa plaza Nagusian jokatuko dute, 16:00etan hasita, eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako hamar taldek hartuko dute parte. Lauko taldetan jokatuko dute, hamar minutuko partidak izango dira, eta jokoa "azkarra eta espektakularra" izango dela iragarri du Aranbarrik. Zapatuan Azpeitian "maila handiko taldeak" arituko direla ere esan du Aranbarrik. Eta, tartean, berezia izango den bat: Klik! taldea. Anaitasuna Kakuteko bi kidek eta Azpeitiko beste bik -bat federatua- osatuko dute etxeko taldea izango dena.

Txapelketa pare bat ordukoa izango da. Sari-banaketa ekitaldia, berriz, 19:00etan izango da Sanagustinen. Eta zita borobiltzeko, txapelketan parte hartuko duten jokalari guztiak elkarrekin joango dira afaltzera, Udalaren kontu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide