Corrugadosen egoerarekin "arduratuta" azaldu da Udala

Uztarria.eus 2011ko ira. 16a, 19:09

Alderdi guztiek adostutako adierazpen instituzionala onartu zuten aho batez udalbatzarrean

Enpresaren zuzendaritzarekin eta langileen batzordearekin egindako bileretan jasotakoaren berri eman zuen Eneko Etxeberria alkateak

Azpeitiko Udala Corrugados enpresaren egoerarekin "arduratuta" dago, eta langileei "elkartasuna adierazi eta babes osoa" agertu die. Alderdi guztiek adostutako adierazpen instituzionala onartu zuten aho batez udalbatzarrean, atzo, osteguna. "Egia da enpresa asko daudela egoera kritikoan eta jende asko geratu dela langabezian; baina egia da, era berean, Corrugadosek 450 langile dituela, eta zeharka beste 550 lanpostu ingururi eragiten diola", azaldu zuen Eneko Etxeberria alkateak.

Brasilgo CSN enpresak Alfonso Gallardo Taldearen hainbat enpresa -Azpeitiko eta Lasaoko Corrugadosen lantegiak tartean- erosteko akordioa itxita zegoela iragarri zuten uda aurretik. Azken asteetan, ordea, salerosketa kolokan dagoela dioten informazioak zabaldu dira prentsaren bidez. Prentsan emandako albisteen artean, Corrugadosen zuzendaritzak Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin izandako bilera baten aipamena ere egiten zen.

Alkateak baieztatu egin zuen atzo "abuztu bukaeran, enpresaren zuzendaritzak laguntza eskatu" ziola Udalari, Diputazioari egoera azaltzeko, eta bilera egin zutela. "Han azaldu ziguten negoziazioa -salerosketarena- gaizki zihoala, baina aurrera zihoala. Joan den astean Alfonso Gallardo etorri zen, eta gauza bera esan zigun. Hortik aurrera ez dakigu ezer. Ez digute ezer eskatu, eta Diputazioari ere ez. Informatu egin gaituzte", adierazi zuen Etxeberriak. Langileen batzordearekin ere egin dute bilera Udalekoek, joan den irailaren 14an (asteazkenean). "oso kezkatuta daude, egoera dramatikoa da", Etxeberriaren hitzetan.

Hau da Azpeitiko Udalak Corrugadosen auzian aho batez onartu duen adierazpena

  1. Azpeitiko Udala arduratuta dago Alfonso Gallardo taldeak Azpeitian dituen bi enpresen (Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao) inguruan jasotzen ari den informazioarekin.
  2. Enpresaren etorkizunean erabakitzeko ahalbidea dutenei eskaera garbia egiten die Azpeitiko Udalak, arduraz jokatzea.
  3. Elkartasuna adierazi eta babes osoa eman nahi diegu bereziki enpresako langile guztiei.
  4. Era berean, egungo krisia sakon jasaten ari diren herriko beste enpresa eta langileei ere gure elkartasun osoa agertu nahi diegu.
  5. Azpeitiko Udalak garbi azaldu nahi du egoera ekonomiko larria pairatzen ari diren herriko enpresa eta langile guztientzat udaletxeko ateak zabalik daudela, eta Udalak dituen neurri eta baliabideen baitan, laguntza eskainiko zaiela.

Urola Erdiko Mankomunitaterako udal ordezkaritza

Agintaldi berrian Urola Erdiko Mankomunitatearen Batzar Nagusian arituko diren Azpeitiko Udalaren ordezkariak ere izendatu zituzten atzoko osoko bilkuran.

Azpeitiko Udalari hiru kide dagozkio Mankomunitatean. Kasu honetan, eta indar korrelazioa kontuan hartuta, bi Bildukoak izango dira (Mikel Ibarzabal eta Leire Etxaniz) eta bat EAJkoa (Jesus LarraƱaga).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide