CSNk bertan behera utzi du Corrugados erosteko akordioa

Uztarria.eus 2011ko ira. 16a, 23:09

Brasilgo enpresak "kontratua ez betetzea" egotzi dio Alfonso Gallardo Taldeari

Langileei gaur eman diete albistea

CSNk deuseztatu egin du Alfonso Gallardo Taldearen hainbat enpresa -Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao tartean- erosteko akordioa. 2010eko abenduan aurreratu zutena baieztatuz, eta aurreikusitakoa baino beranduago izan arren, joan den maiatzean sinatu zuten CSNk eta Gallardok salerosketarako hitzarmena.

Joan den astean, akordioa kolokan zegoela zabaldu zen. Gaur bertan (ostirala, irailak 16) oharra plazaratu du CSNk, sinatutakoa bertan behera gelditzen dela iragarriz; Brasilgo enpresak "kontratua ez betetzea" egotzi dio Alfonso Gallardo Taldeari, ez betetzea zertan datzan argitu gabe.

Uztarriak jakin duenez, Corrugadoseko langileei ere gaur eman diete albistea, lantokian. Azpeitiko Udalak enpresaren egoeraren gaineko kezka azaltzen duen adierazpen instituzionala onartu eta hurrengo egunean iritsi da kontratu-haustearen albistea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide