Erdi Aroko VIII. Azoka eta outlet azoka izango dira asteburuan

Uztarria.eus 2011ko ira. 19a, 12:09

Udaleko eta Bertan Merkatari Elkarteko ordezkariak ostiralean egin zuten aurkezpen ekitaldian.

Udalak eta Bertan Merkatarien Elkarteak elkarlanean antolatu dute asteburu honetarako egitaraua

Outlet azokan herriko merkatarien 30 postu inguru egongo dira

Azpeitiak garai bateko itxura hartuko du datorren asteburuan, hilaren 24 eta 25ean, Erdi Aroko VIII. Azoka izango baita Alde Zaharreko kaleetan. Guztira, 65 bat postu izango dira azokan. Hitzordu horrekin batera, herriko saltokien outlet azoka ere izango da Berdura plazan. Bertan, herriko merkatarien 30 postu inguru egongo dira. Azpeitiko Udalak eta Bertan Merkatarien Elkarteak antolatu dute azoka.

Stock azoka 10:00etan irekiko da eta 14:00etan itxi. Arratsaldean, berriz, 16:00etatik 20:00etara bitartean egongo da irekita. Azokaren aurkezpen ekitaldian Bertan Merkatari Elkarteko Iñigo Amiano teknikariak adierazi zuenez, "inoiz baino postu gehiago izango dira; arropak, ohialak, eskolako materialak... erosi ahal izango dira bertan". Gainera, azokara joateko gonbita luzatu zien Amianok herritar guztiei.

Udaleko hiru zinegotzi izan ziren aurkezpen ekitaldian: Iñaki Portilla, Kepa Ibarzabal eta Kontxita Martija. Portillak hartu zuen hitza eta Bertan Merkatari Elkartekoei eskerrak eman zizkien auzolanean antolatutako ekitaldia dela-eta. Azokan bolondres lan egingo dutenei, Musika badakoei, Baigerakoei, Musika Eskolakoei, ttuntturroei, Arte eta Diseinu ikastegikoei... ere eskerrak eman zizkien Portillak, Udalaren izenean.

Etxeetara banatutako triptikoa ikusteko egin klik hemen

Egitaraua

Irailak 24, larunbata

.10:00etan, outlet azoka zabalduko dute.

.12:00etan, Erdi Aroko Azoka irekitzeko desfilea egingo du Napar Bideak animazio taldeak herriko kaleetan zehar.

.12:30ean, Banda Gazteak eta Azpeitiko Musika Bandak kalejira egingo dute.

.17:00etan, Napar Bideak animazio taldeak ikuskizuna eskainiko du.

.18:00etan, ttuntturroek kalejirari ekingo diote.

Irailak 25, igandea

.10:00etan, outlet azoka zabalduko dute.

.12:00etan, Erdi Aroko postuak zabalduko dituzte.

.12:00etan, Juan Antxieta Musika Eskolakoen emanaldia izango da kaleetan zehar. Musika taldearen kalejiraz gain, Erdi Aroko dantzen saioa egingo dute.

.13:00etan, Napar Bideak animazio taldearen ikuskizuna izango da.

.18:30ean, Metal Boskotea kalejiran aterako da.

.19:30ean, Napar Bideak animazio taldearen ikuskizuna.

.20:00etan, Erdi Aroko Azoka eta outlet azoka itxiko dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide