Emakumeen Txokoak ateak zabalik

Uztarria.eus 2011ko ira. 19a, 20:09

Dozenaka lagun elkartu zen inaugurazioan, egoitza barrutik ezagutzeko.

Zapatuan, irailak 17, inauguratu zuten Izarraitz frontoiko egoitza berria

Jabetze Eskolaren ikasturte berriko ikastaroetan izena emateko epea ere ireki dute

Azpeitiko Emakumeen Txokoa abian da. Joan den zapatuan, irailak 17, inauguratu zuten Izarraitz frontoiko egoitza berria. Parekidetasun saileko zinegotzi Leire Etxanizek eta Emakumeen Mahaiko kide Haizea Egigurenek hartu zuten hitza ekitaldiaren hasieran, gune berriaren helburuak eta asmoak motxean azaltzeko.

Julian Barrenetxea Abesbatzakoek eta dantzariek atarian eskaini zuten aurreskuaren eta zinta mozketaren ondoren, inauguraziora bildu ziren dozenaka lagunek Emakumeen Txokoa barrutik ezagutzeko aukera izan zuten. Nekane Zinkunegik bertsotan aurkeztu zituen egoitzaren gune ezberdinak, Amaia Garmendiak eta Eba Iturainek kantuz jantzi zuten bixita eta, bukaeran, mokadutxoaz gozatu zuten guztiek.

Jabetze Eskola

Emakumeen Txokoa abian jartzearekin batera, Jabetze Eskolaren ikasturte berriko ikastaroetan izena emateko epea ere ireki dute. Irailaren 30a arte luzatuko da. Ikastaro guztiak Emakumeen Txokoan bertan emango dituzte.

Hiru ikastaro eta tailer bat eskainiko ditu aurten Udaleko Parekidetasun Sailak eta Emakumeen Mahaiak antolaturiko Jabetze Eskolak, urritik aurrera. Heldutasunera iristearen plazerra izeneko tailerra, Pepa Bojok gidatuko duena, urriaren 3tik abenduaren 19ra izango da, astelehenetan, 15:00etatik 17:00etara edo 17:30etik 19:30era; gaztelaniaz emango den bakarra da.

Urriaren 5etik azaroaren 23ra, ostegunetan, Emakumeak kameraren atzean laburmetrai ikastaroa emango du Lara Izagirrek. Saioak 18:00etatik 20:30era izango dira; azaroaren 12an (larunbata) egun osoko saioa ere izango dute, laburmetrai ikastaroaren barruan.

Azaroaren 5ean hasiko da, berriz, Izaskun Alvarezek emango duen Laborategi esperimentala: artera hurbiltzea ikastaroa. Hau abenduaren 3an bukatuko da eta goizez emango dute, 09:30etik 13:30era, larunbatetan. Ikastaro hau Gazteria Sailarekin batera antolatu dute.

Azkenik, Alaitz Olaizolak zuzenduko du aurten ere antzerki tailerra, azaroaren 25etik maiatzaren 27ra, ostiraletan, 15:00etatik 17:00etara.

Izen-ematea udaletxean (goizez, 11:00etatik 13:00etara Parekidetasun sailean) eta Emakumeen Txokoan (arratsaldez, 16:30etik 20:00etara) egin daiteke. Izena eman nahi dutenek bi toki horietan eskuratuko dute ikastaroen gaineko informazio osoa, baita 943 157928 telefonoan (Parekidetasun Saila) edota emakumetxokoa@azpeitia.net eta parekidetasuna@azpeitia.net helbide elektronikoetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide