Berdintasunerako bi hormak

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 21a, 12:09

Emakumea Pilotari egitasmoaren baitan ikastaroak antolatu dituzte beste behin

Azpeitian, Azkoitian, Aian eta Zarautzen izango dira saioak

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, Emakumea Pilotari egitasmoaren baitan, hainbat jarduera antolatu du aurten ere Urola Kostan. Egitasmoak hiru atal jorratzen ditu –eskola kirola, partaidetza edo aisialdiko kirola eta kirol federatua–, eta hiruek emakumezkoak frontoietara gerturatzea du helburu.

Eskola kirolari dagokionez, 9 eta 16 urte bitarteko neskei zuzendutako paleta eskolak jarriko dituzte Aian, Azpeitian eta Zarautzen. Urritik ekaina bitartean, astean entrenamendu bat egiteko aukera eskaintzen zaie hasiberriei, baita Gipuzkoako eskolarteko paleta txapelketan parte hartzeko aukera ere. Azpeitian, astelehenetan 17:15etik 18:45era, Betharram pilotalekuan izango dira saioak. Ikastaroak 95 euro balio du.

Aisialdiko paleta ikastaroak ere urritik ekainera emango dituzte. Astean behin, ordu eta erdiko paleta saioak egingo dituzte, teniseko pilotarekin eta paleta arinekin. Ikasturtearen amaieran, gainera, hainbat herritan ikastaroa egiten ari direnek bat egingo dute Emakumea Pilotari Egunean. Ikastaro hau Azkoitiko Gurea Pilotalekuan eta Zarauzko Zinema frontoian emango dute. Azkoitian ostiraletan egingo dituzte saioak, 17:30etik 19:00etara; Zarautzen, asteartetan, 10:00etatik 11:30era, edo ostiraletan, 14:30etik 16:00etara. Antolatzaileek adierazi dutenez, Getarian ere emakumeentzako paleta ikastaroa eskaintzeko asmoa dute, baina oraindik ez dute ezer zehaztu.

Kirol federatuari dagokionez, eskualdeko hainbat herritan nesken gomazko paleta txapelketako partidak jokatuko dira denboraldi honetan ere. Izan ere, Azpeitiko, Orioko eta Zarauzko pilotari federatuak daude, eta txapelketan ari dira lehian.

Izena emateko epea

Eskola kirolean eta aisialdiko paleta ikastaroan izena emateko azken eguna irailaren 26a izango da; datorren astelehena, alegia. Azkoitiko ikastarorako epea, aitzitik, hilaren 29ra arte izango da. Jardueretan parte hartu nahi dutenek Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioarekin jarri daiteke harremanetan, 943 47 14 63 telefono zenbaira deituz.

Horrez gain, paleta eskolen kasuan, ikastetxeetan esku-orriak jarriko dituzte, eta Zarautzen, Zarautz Kirol Elkartean ere eman ahal izango da izena. Azkoitiko emakumeentzako paleta ikastarorako 655-71 94 92 (Ainhoa) telefono zenbakira deitu daiteke. Zarauzkorako, berriz, kiroldegian jarri dituzten esku-orriak bete daitezke edo 665-98 86 88 (Patri) telefono zenbakira deitu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide