Bateragune auziaren
epaiaren salatzeko, zapatuan, hilak 24, manifestazioa egingo dute Bilbon, 'Epaiketa gehiagorik ez, zigor gehiagorik ez! lelopean. Hori dela-eta, atzo, asteazkena, agerraldia egin zuten Azpeitiko Ezker Abertzaleko, EAko, LABeko, STEE-EILASeko, Amnistiaren Aldeko Mugimenduko eta Bilgune Feministako kideek, zein Gazte Independentistek.
Bertaratu ziren eragileetako kideek esan zutenez, "5 zigortuei babesa adierazi eta horrelako erasoei ahalik eta modu bateratuenean erantzuteko konpromisoa adierazi nahi dugu".
Erantzun hori "zapatuan Bilbon egingo den manifestazioan parte hartuaz" eman daitekeela eta "Azpeitiko herritar guztiei bertan parte hartzeko" deia luzatu diete.
Horrenbestez, zapaturako autobusa antolatu du Azpeitiko Udalak, Bildu eta Hamaikabaten babesarekin, eta 15:45ean abiatuko da anbulatorio aurretik Bilbora. Izena udaletxeko harrera bulegoan edo ohiko tokietan eman daiteke dagoeneko.
Joan den astean eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak 'Bateragune auzia'-ren epaia, eta hamarna urteko kartzela zigorra jarri zieten Arnaldo Otegiri eta Rafa Diezi, eta zortzina urtekoa Miren Zabaletari, Arkaitz Rodriguezi eta Sonia Jazintori, ETAkoak direla leporatuta. Gainontzeko auzipetuak, absolbitu egin zituzten.