Kilometroen aldeko saskibaloi jaialdia izango da larunbatean

Urola Kostako Hitza 2011ko ira. 22a, 11:09

Lagun Aro GBC eta Obraidoirok jokatuko dute norgehiagoka

.20:00etan izango da partida, Azpeitiko kiroldegian

Urriaren 2an ospatuko da Kilometroak 2011 jaia Azpeitian, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik antolatuta. Kilometroen alde urtean zehar era askotako hainbat ekitaldi egin da. Orain, Kilometroen aurretik egingo diren ekitaldiei amaiera emateko, Sasklik!baloia saskibaloiaren jai handia antolatu dute larunbaterako. Kirol jardunaldia jaia Azpeitiko kiroldegian izango da. Bertan, besteak beste, sasakibaloiko ACB mailako saskibaloi partida ikusteko aukera izango da: Lagun Aro GBCObradoiro CAB.

Larunbat honetan saskibaloiak protagonismo nagusia izango du Azpeitiko kiroldegian. Goizean, 11:00etatik aurrera, Nazional Lehen mailako emakume seniorren txapelketa jokatuko dute, Iraurgiko Zurt taberna ISB taldeak, Donostia neskak eta Astigarraga KE-k.

Maila gorenak arratsaldean

Arratsaldean Iraurgiko gizonezkoen lehen taldekoen partida jokatuko da aurrena. Zilarrezko LEB mailako Lan Mobel ISBk Estela Santander du aurkaria. 17:15ean hasiko da norgehiagoka, Azpeitiko kiroldegian. Kasu honetan, Iraurgik fitxatu berri duen Kareem Johnson (Ameriketako Estatu Batuak, 2,05 metro) pibota jokoan ikusteko aukera izango da. Johnson pibota "zona barruan egon daitezkeen hutsuneak betetzera" datorrela esan dute Iraurgi Saskibaloi Elkartekoek. Lan Mobel ISBk pasa den asteburuan Euskal Kopa eskuratu zuen, hirugarren urtez.

Azkenik, Gipuzkoako lehen saskibaloi taldearen txanda izango da Azpeitiko kiroldegian, Lagun Aro Gipuzkoa Basket taldeak, Galiziako Obradoiro CABen kontra jokatuko du. 20:00etan hasiko da partida.

Saskibaloizaleentzako egun handia Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, Gipuzkoa Basketek eta Iraurgi Saskibaloi Elkarteak elkarlanean antolatu dute. Sarrera, 10 urte arteko haurrentzako 5 euro da eta gainontzekoentzat 10 euro.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide