Aurtengo udan iaz baino %53 bisitari gehiago izan dira Loiolan

Uztarria.eus 2011ko ira. 22a, 13:09

Guztira, 9.235 bisitari igaro dira Loiolako Turismo Bulegotik

Bisitari kopuruaren gorakadaren hiru arrazoi nabarmendu dituzte Iraurgi Lantzenekoek: uztaileko eguraldia, MAGIS topaketak eta EAEko turisten sarreren gorakada

Aurtengo udan, ekainetik abuztura bitartean, iaz baino bisitari gehiago hartu dute Loiolako Turismo Bulegoan; guztiara 9.235 bisitari. Orokorrean iaz baino %53 bisitari gehiago izan da.

Jatorriari dagokionez, EAEtik nahiz estatu espainiarretik etorritako bisitarien kopuruak gora egin du aurtengoan. Bertaratu diren atzerritarrak ere iaz baino gehiago izan dira. Iraurgi Lantzeneko Turismo Sailak adierazi duenez, "jendea taldekako antolaturiko bidaietan nahiz bere kabuz etorri da". Nabarmendu duten igoera aipagarriena, berriz, espainiarretik antolaturiko bidaietan etorri diren taldeena izan da, Andaluzia eta Valentziatik batik bat.

Bisitari kopuruaren gorakadaren hiru arrazoi nabarmendu dituzte Iraurgi Lantzenekoek: uztaileko eguraldia (eguraldi txarra egin duela-eta, kostaldera etorri den turista kopurua barnekaldeko monumentu historiko artistikoak zein museoak bisitatzera bultzatu du), abuztuan Madrilen ospatu diren gazteen mundu mailako jardunaldi erlijiosoen baitan (MAGIS) Loiolara gazte ugari gerturatu da, eta Euskal Autonomi Erkidegoa turisten sarreretan jasaten ari den gorakada.

Bista gidatuak

Aurtengo abuztuan ere bisita gidatuak eskaini dituzte Loiolako Turismo Bulegotik. Azkoitiko eta Azpeitiko gune historikoak ezagutzeko aukera egon da. Arduradunek adierazi dutenez, ekimenak oso harrera ona izan du: "Bisita gidatuetan, guztira, 345 bisitarik hartu dute parte, 2010. urtean baino %31 gehiagok". Arduradunek adierazi dutenez, nabarmentzekoa da Azpeitiko Bakardadeko kaperak izan duen harrera ona. Parte-hartzaileen jatorriari dagokionean, berriz, gehiengoa Madriletik, Herrialde Katalanetatik eta Valentziatik etorri dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide