Klik eginda hasi da festa!

Uztarria.eus 2011ko urr. 2a, 11:10

Agintariak eta ikastoletako ordezkariak Azpeitiko Ikastola Ikasberritik abiatzen.

10:00ak pasatxo eman diote agintariek hasiera ofziala Kilometroak 2011ri

20:00ak arte festa giroa eta emanaldiak, bata bestearen atzetik izango dira; hemen, egitaraua

Hasi da festa, Klik!. 10:00ak pasatxo eman diote agintariek hasiera ofziala Kilometroak 2011ri. 20:00ak arte festa giroa eta emanaldiak, bata bestearen atzetik izango dira; hemen, egitaraua.

Eguzkipean egin dute hasierako ekitaldia Azpeitiko Ikastola Ikasberriko jolaslekuan. Martin Garitano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia; Isabel Zelaa, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailburua; Lohitzune Txarola, Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria; Eneko Etxeberria, Azpeitiko alkatea; Koldo Tellitu, Ikastolen Elkartearen lehendakaria; Arantxa Manterola, Gipuzkoako Ikastolen lehendakaria; eta Aitor Unanue, Azpeitiko Ikastola Ikasberri Kooperatiba Elkartearen lehendakaria izan dira bertan, Koldo Aldalur kazetariak aurkeztu duen ekitaldian.

Txalapartaren eta adarraren soinuek eman diote hasiera ekitaldiari. Ikastolako ikasle talde batek agintariei aurreskua dantzatu eta gero, hitzaldien txanda iritsi da. Eneko Etxeberriak, Aitor Unanuek, Isabel Zelaak, Arantxa Manterolak eta Martin Garitanok hartu dute hitza, hurrenez hurren. Denek egin dute festarako deia eta Kilometroak 2011 arrakastaz ospatzeko bidea jarri duten lagun guztiei azaldu diete esker ona. Ikastolek euskararen biziraupenean eta garapenean egin duten eta egiten duten lana ekarri dute gogora Etxeberriak eta Garitanok. Unanuek eta Manterolak ikastolentzat baliabide gehiago eskatu dituzte, beti "bokadillo saltzen ez" ibiltzeko, Azpeitiko Ikastola Ikasberriren lehendakariak nabarmendu duenez.

Eguraldi bikaina

Gaur Azpeitira inguratzen direnek ez dute behintzat eguraldiaren aitzakiarik izango. Goizean goizetik garbi egon da zerua, eta dagoeneko berotzen ere hasia da eguzkia.

Kilometroak argazkitan

Orain arteko eta egunean zeharreko argazki bilduma osatuak ikus ditzakezue Kilometroak 2011ren komunikazio taldearen lotura hauetan:

Azpeitiko Argazki Elkartekoen lankidetza ere badute gaurko egunerako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide