Ostiralean hasiko da Azpeitiko III. Garagardo Azoka. Bi asteburutan izango da aurten; hori da berrikuntza nagusienetakoa. Ostiral eta larunbatean izango da lehendabizi, eta asteartean irekiko dituzte berriro Berdura Plazako ateak. Asteazkenean egunez izango da irekita, mus txapelketa antolatu baitute arratsalderako, eta gauean ez dute zabalduko. Asteburura arte itxita izango da azoka, eta urriaren 14an eta 15ean berriro irekita izango dira areak.
Iraurgi Saskibaloi Taldeak eta Bertan Merkatari Elkarteak antolatu dute azoka, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Jose Luis Zubizarretak, Iraurgi taldeko zuzendariak, eman zuen azokaren nondik norakoen berri. Egun aldaketaz gain, bestelakoak ere badaude. Beste garagardo bat izango da probatzeko. Aflingem horia ekarriko dute; beraz, guztira hamar garagardo izango ditu probatu nahi dituenak. Oilaskoa ere emango dute afaltzeko, "eskaintza zabaltzeko, eta behin baino gehiagotan etorri behar duenak beti gauza bera ez jateko". Azokak 20:30etik 02:00ak arte izango ditu irekita ateak egunero.