Mikel Larrañaga aizkolaria bigarrena izan da Aizarnazabaleko lehian

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 4a, 12:10

Hirugarren mailako Euskadiko aizokora txapeldunordea izan da azpeitiarra, Irazu zizurkildarraren atzetik

.13:12 denbora eginda bukatu du txapelketa azpeitiarrak

Hirugarren mailan baina emaitza bikainarekin (13:12) bukatu du Euskadiko Aizkora Txapelketa Mikel Larrañaga azpeitiarrak. Txapela Jon Irazu zizurkildarrak (12:29) jantzi du.

Herenegun, igandean, Aizarnazabalgo San Migel jaietan, herri kiroletako eta Euskadi mailako bi txapelketaren finalak jokatu ziren: aurretik aipatu bezala, III. mailako aizkolarien arteko txapelketa eta lokotx-biltzea. Bi lehiaketetan gipuzkoarrak izan ziren txapeldunak: aizkorako lehian Irazi, eta lokotx-biltzean Jon Larrañaga mendaroarra.

Aizkoran sei kirolari aritu ziren nor baino nor, eta finalean zizurkildarrak lortu zuen denbora onena, 54 ontzako hiru enbor eta 60 ontzako bi enbor ebakita. Aizarnazabalgo jardunean Asier Pellejeroren ordez Goizeder Beltza aritu zen. Izan ere, joan den ostiralean Pellejerok ezbeharra izan eta saihets bat pitzatu zuen.

Euskadiko aizkora txapelketako kanporaketetan 30 aizkolarik hartu dute parte, hiru multzotan banatuta.

Hirugarren mailako Euskadiko txapela behin baino gehiagotan jantzi dute eskualdeko aizkolariek: Juan Manuel Erasun aiarrak 2004an irabazi zuen, 12:26 denbora eginda, eta Arkaitz Iriarte azpeitiarrak 2002an, 14:43 denborarekin.

Euskadi mailako lokotx bilketa txapelketan Larrañaga mendaroarra (06:22) izan zen aurrena. Fernando Etxegarai berarrari (06:34) txapela kentzea lortu zuen. Azken hiru urteetan txapelduna izan da Etxegarai, hain zuzen. Larrañagak, berriz, iaz hirugarren gelditu zen, 2009an bosgarren, eta 2008an seigarren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide