Heriotza mehatxua egin diote Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate ohiari, gutun batean

Berria, Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 5a, 10:10

Uztailean iritsi zen eskutitza Azpeitiko udaletxera, Errazkinen izenean, baina irailera arte ez da haren eskuetara iritsi

Lasarteko eta Andoaingo alkateek uztailean jasotakoen antzeko terminoetan dago idatzia gutuna

"Deuseztatu beharreko basapiztiak zarete, ez duzuelako nahikoa inteligentzia ezer baikor kudeatzeko". Hala dio Iñaki Errazkin Azpeitiko alkate ohi eta Gipuzkoako Diputazioko kabineteburuak jaso duen gutun batek. "Topatu dituzuen besaulkietatik ateraraziko zaituztegu, eta desagerrarazi egingo zaituztegu", dio. Uztailean iritsi zen eskutitza Azpeitiko udaletxera, Errazkinen izenean, baina irailera arte ez da haren eskuetara iritsi. Hain justu uztailean, antzeko gutunak jaso zituzten Lasarte-Oriako alkate Pablo Barriok eta Andoaingo alkate Ana Karrerek (Bildukoak).

Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak (Bildu) mehatxuengatik salaketa jarri zuen irailaren 28an. Salaketan jasota gelditu da eskutitz originala, eta esplikatzen da eskutitza uztailean jaso zuten arren abuztuko opor ondorenera arte ez zela Errazkinengana iritsi.

Eskutitza Matxinbentatik bidalia dagoela jartzen du igorleak, eta izen-abizenak ere jarri dizkio, baina pentsatzekoa da Lasarteko eta Andoaingo udaletxeetan jasotakoen gisan faltsuak izango direla helbide eta nortasun horiek.

Mehatxu tonu garbian idatzita dago Errazkinek jaso duen eskutitza. "Espainian ohituta gaude gaitz handiei konponbide handiak jartzen, eta zuek zarete gaitz hori, zoramenez eta aberekeriaz beteak". "Terrorismoa" besterik ez egitea egozten dio, eta euskaldunen artean "amorrua" zabaltzea. "Baina, guztiaren gainetik, lurralde baskongadoak Espainia izango dira aurrerantzean ere, eta zuen unea iristen denean, espainiar gisa hilko zarete gure nazka eta arbuio guztiaz lagunduta".

PSOE errudun jotzen du

PSOEren kontra ere egiten du eskutitzak. Espainiako Gobernua "ahula, ergela, balio ez duena, nortasunik gabea eta kudeatzaile txarra" dela dio, eta horrek "handitu" egiten duela "gizarteari egiten zaion kaltea". Eskutitzaren idazleak Bildu erakundeetan egotearen errudun egiten du PSOE, baita "judikatura" ere: "Gertatuko den guztiaren eragile izango dira haiek, zuekin batera; sortuko duzuen min, ezin egon eta arazo guztien eragile".

Lasarteko eta Andoaingo alkateek jasotako eskutitzen berdina da Errazkinek jasotakoa. Uztailean jaso zituzten gutunak bi alkateek, ekainean kargua hartu ostean, eta salaketak jarri zituzten biek. Andoaingo kasuan, Joseba Barandiaran alkate ohiarentzat ere bazen eskutitza. Gainera, Karrerek bere udal taldearen babesarekin emandako prentsaurrekoan jakinarazi zuen horren aurretik beste hiru eskutitz ere jaso zituela.

Eskutitzak bi alkate horiek jaso zituen arren, mehatxuak Bildurekin bat egin zuten guztien kontrakotzat jo zituzten koalizioaren zerrendetan aurkeztuta alkatetza lortu zuten bi hautetsi horiek. Eta azpimarratu zuten erakundeetara iritsi badira herritarrek emandako botoei esker izan dela.

Bidaltzaileaz

Helbideak faltsu zantzua du: "Basetxe, Aratz Matxinbenta, 20280, Guipuzcoa". Urola Kostako Hitzak jakinarazi duenez, Aratz Matxinbenta auzoa Beasaingo auzo bat da (Matxinbenta auzoko lurrak, Azpeitia, Beasain eta Ezkio Itsaso herrien artean banatuta daude), eta auzo horretan ez dago Basetxe izeneko etxerik. Bestetik, Aratz Matxinbentako posta kodea 20218 da, eta ez 20280. Kode zenbaki hori Hondarribiakoa da.

Salaketa eta mehatxu-gutuna ikusteko egin klik hemen .

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide