Lan Mobel ISBren aurkezpen ofiziala Garagardo Azokan egingo dute aurten

Uztarria.eus 2011ko urr. 5a, 18:10

Ostiralean, urriaren 7an, izango da ekitaldia

Iraurgikoek hilaren 9an ekingo diote Zilarrezko LEB ligari, Ourensen, atzo Logroñon denboraldiaurreko azken neurketa jokatu ondoren

2011-2012ko denboraldiko Lan Mobel Iraurgi saskibaloi taldeak Garagardo Azokaren baitan egingo du aurten bere aurkezpen ofiziala. Ostiralean, urriaren 7an, izango da ekitaldia, azokaren aurreneko egunean; ordua ez dute oraindik zehaztu.

Iraurgikoek hilaren 9an ekingo diote Zilarrezko LEB ligari, Ourensen (Galizia), atzo Logroñon (Errioxa, Espainia) denboraldiaurreko azken neurketa jokatu ondoren. K-Net & Eniac Clavijoren kontra jokatu zuen Lan Mobel ISBk, eta "sentsazio onekin" itzuli ziren etxera, iraurgisb.com webguneko kronikan diotenez; Logroñoko Clavijo Urrezko LEB ligako taldea da.

Zilarrezko LEB ligan bigarren denboraldia izango da hastear dagoena Lan Mobel Iraurgirentzat. Entrenatzaile berria ez ezik -Iurgi Caminos-, aurpegi berri asko ditu taldean Iraurgik.

Urriaren 12an, mus txapelketa

Etzi, hilak 7, hasiko den III. Garagardo Azokara itzulita, aurtengo berrikuntza aipagarrienetakoa urriaren 12rako, asteazkena, antolatu duten mus txapelketa da. Txapelketa 16:00etan hasiko da eta izen-ematea ordubete lehenago burutuko da. Parte hartu nahi duten bikoteek 20na euro ordaindu beharko dute izen-ematea.

Sariei dagokienez, bikote irabazleak 400 euro, txapelak eta afari bat eskuratuko ditu. 200 euro eta afaria irabaziko ditu bigarrenak, 100 euro eta afaria hirugarrenak, eta laugarren tokian sailkatzen den bikoteak afari bat.

Egun horretan ez dute sukalde zerbitzurik emango Berdura plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide