Gipuzkoako Foru Aldundiak Iñaki Errazkinen kontrako mehatxuak salatu ditu

Uztarria.eus 2011ko urr. 5a, 20:10

"Kabinete buruaren kontrako mehatxuak larriak dira oso, baina ez dira inola ere oztopo izango Foru Gobernu honen eguneroko lanean", dio gaur, asteazkena, plazaratu duen oharrean

Azkenaldian antzeko mehatxuak jaso dituzten arduradun publiko eta herritarrei ere "babes osoa" adierazi die

Azpeitiko Udalak bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak ere Iñaki Errazkinen kontrako mehatxuak salatu ditu. Azpeitiko alkate ohia Diputazioko kabineteburua da orain.

"Kabinete buruaren kontrako mehatxuak larriak dira oso, baina ez dira inola ere oztopo izango Foru Gobernu honen eguneroko lanean", dio gaur, asteazkena, plazaratu duen oharrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Hau da Errazkinek jasotako mehatxuen harira Diputazioak atera duen oharra:

"Iñaki Errazkinek, Gipuzkoako Foru Aldundiko kabinete buruak eta Azpeitiko alkate ohiak, Azpeitiko udaletxean gutun bidez jasotako heriotza mehatxua dela-eta, Foru Gobernuak babes osoa adierazi nahi dio Errazkini. Kabinete buruaren kontrako mehatxuak larriak dira oso, baina ez dira inola ere oztopo izango Foru Gobernu honen eguneroko lanean.

Azkenaldian, beste arduradun publiko eta herritar batzuek gutun bidez antzeko mehatxuak jaso dituztela salatu dute, eta haiei ere geure babes osoa adierazi nahi diegu.

Ildo honetatik, gogorarazi nahi dugu Gernikako Akordioak inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzea eskatzen duela, edozein dela ere pertsona horien jarduera edota ideologia politikoa, eta gobernu honek bat egiten duela eskaera horrekin".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide