Lan Mobel ISB, hasteko prest

Uztarria.eus 2011ko urr. 8a, 14:10

Lan Mobel Iraurgiren jokalariek eta teknikariek taldeko argazkia atera zuten aurkezpenaren ondoren.

Atzo, ostirala, aurkeztu zuten taldea eta bihar jokatuko dute ligako aurreneko partida, Aguas de Sousa Ourenseren etxean

Taldea guztiz eraberritu du Iraurgik Zilarrezko LEB ligako bigarren urterako

Lan Mobel Iraurgi Zilarrezko LEB ligaren 2011-2012 denboraldiari ekiteko prest da. Atzo, ostirala, aurkeztu zuten taldea eta bihar jokatuko dute ligako aurreneko partida, Aguas de Sousa Ourenseren etxean. Aurkari gogorra, aurkezpen ekitaldian esan zutenez, galiziarrak direlako igoera lortzeko faboritoetakoak.

Iraurgi Saskibaloiak antolatutako III. Garagardo Azoka atzo hasi zen, eta azokari hasiera eman aurretik egin zuten Iraurgikoek talde nagusiaren aurkezpena, garagardo festa hartuko duen Berdura plazan bertan. Iraurgi Saskibaloiaren lehendakari Iñaki Uriak alboan izan zituen aurkezpen-mahaian Gipuzkoa Basketeko lehendakari Gorka Ramoneda -lankidetza hitzarmena du Iraurgik ACBko taldearekin-, Azpeitiko Udaleko Kiroletako batzordeburu Manuel Unanue eta klubaren babesle nagusietako batzuk, hala nola Lan Mobel, Hirigintza, Dekoramik eta Txikera Teilatuak enpresetako ordezkariak.

Mahaiaren atzean zutik kokatu ziren aurkezpeneko protagonista nagusiak: jokalariak eta Iurgi Caminos eta haren lan-talde teknikoa. Hamalau jokalari aurkeztu zituen atzo Lan Mobelek. Taldea guztiz eraberritu du Iraurgik Zilarrezko LEB ligako bigarren urterako; hain zuzen ere, aurreko denbotalditik hiru dira -harrobiko gazteak kenduta- taldean jarraitzen dutenak: Xabier Osa kapitaina, Joseba Ibargutxi eta Aritz Martinez.

Dortsalak

Hauek dira Lan Mobel Iraurgiren taldea osatzen dutenak, bakoitzari dagokion dortsalarekin:

  • 4. Marcos Casado
  • 6. Aitor Zubizarreta
  • 7. Ola Atoyebi
  • 8. Xabier Osa
  • 9. Mikel Motos
  • 10. Joseba Ibargutxi
  • 11. Aritz Martinez
  • 12. Allfredo Ott
  • 14. Beñat Barberena
  • 15. Kareem Johnson
  • 16. Ibon Guridi
  • 17. Josu Urbizu
  • 18. Julen Olaizola
  • 19. Imanol Zubizarreta

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide