Joan den ostiralean, hilak 7, inauguratu zuten Azpeitia eta Lasao arteko bidegorria, Foru Aldundiko eta Azpeitiko Udaleko ordezkari eta teknikariek.
Ba bai, Azpeitiko Udala gobernatzen duen Bildu eta Udaleko teknikariak ere bertan ziren, baina Hamaikabat ez zen gonbidatua izan, ezta informatua ere.
Eta Azpeitiko Hamaikabatek galdetzen du: Hau al da Azpeitia denon artean egitea? Badakigu Bilduk Azpeitian gehiengo absolutua duela, baina Eneko Etxeberria alkateak beste hitz batzuekin loratu zuen bere kargu-hartzea: "Azpeitia denon artean", "auzolana", "parte-hartzea", etabar luze bat. Batzuk sinistu egin genion Alkate jaunari, ez Bilduri.
Hori gutxi ez eta Alkateak, Aldundiarekin batera, bere gain hartu du bidegorri hori egitea eta berarekin daraman politika guztia, esaldi borobil hau esanez: "bidegorria politika berri baten emaitza da; Urteetan errepideak autoekin pentsatuta egin dira, eta orain oinezko eta herritarrentzako Gipuzkoa egiten ari gara".
Foru Aldundiak urteetan eginiko lan zail eta neketsuaren fruituak bere gain hartu nahi izan dituzte Eneko Etxeberria alkateak eta Foru Aldundiko agintariek. Lotsagarria. Legezkoa da aurrekoek eginikoa onartzea.
Bakoitzak egindakoarekin egon behar du harro. Ea ba hasten garen Azpeitian zerbait egiten, hauteskundeak pasa ziren-eta.