Udalaren ikurra eta Euskal Presoak Euskal Herrira leloa eta irudia batzen dituen pankarta Berdura plazako balkoitik kentzeko agindua jaso du Azpeitiko Udalak.
Udalbatzak 2009ko uztailaren 2an onartu zuen pankarta hori jartzea eskatzen zuen mozioa, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak aurkeztutakoa, eta pankarta uztailaren 22an jarri zuten. Handik hiru hilabetera, 2009ko urrian, Espainiako Estatuko Abokatuak helegitea jarri zuen Udalak onartutako mozioaren kontra. Justiziak ontzat eman zuen helegite hori eta, orain, Udalak pankarta dagoen tokitik kentzeko agindua jaso duela jakinarazi du.
"Demokraziaren zutabeak apurtzea" bilatzen duen agindua
Udalak ohar baten bidez eman du jasotako aginduaren berri. Agindua beteko dutela esan dute, baina gogoz kontra.
Berdura plazako pankarta datozen egunetan kenduko dutela esan dute, "baina Udal Gobernuak argi utzi nahi du ez dagoela erabakiarekin ados". Presoen eskubideen aldeko pankarta kentzea agintzen duen epaia "adierazpen askatasunaren eta zilegitasun osoa duen udal erabaki baten aurka doan sententzia" dela iritzi dio Udal Gobernuak. "Azpeitiarrek beren Udalbatzan libreki erabakitakoaren aurkako neurria da eta, ondorioz, demokraziaren zutabeak apurtzea bilatzen du", gaineratu dute, komunikabideetara bidalitako oharrean.