Aurrenekoen emaitza onak ikusita, Urkome Sariak berriro deitu dituzte

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 13a, 21:10

Antton Oroz, Manuel Labaka eta Leire Etxaniz, gaur Sindikatu Zaharrean egin duten aurkezpenen prentsaurrekoan. (NEREA URANGA)

Eskualdean garatuko diren landa eremuko ekimen edo egitasmo berritzaileak sarituko dituzte

Egitasmoak hil honen 15etik azaroaren 15era bitartean aurkeztu behar dira, Urkomen bertan

Bigarrengo Urkome Sariak antolatu ditu Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak (Urkome), Ingurugiro Etxea Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Itsasmendikoirekin elkarlanean. Sarietan parte hartzeko ekimen edo jarduera berritzaileak izan behar dira eta Urola Kostan garatutako proiektuak. Egitasmoak hil honen 15etik azaroaren 15era bitartean aurkeztu behar dira, Urkomen bertan (Azpeitian du bulegoa).

Sei ataletan banatuta

Orain bi urte, 2009an, antolatu zituzten aurreneko Urkome Sariak. Orduan, hamasei proiektu jaso zituzten eta sarituak izandako haietatik batzuk gauzatuta edota gauzatze bidean daude. Manuel Labaka Urkomeko lehendakariak azaldu duenez, bigarrengo aldi honetan ere sei ataletan banatuta emango dituzte sariak, eta atal bakoitzeko irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du.

Labakaren esanetan, sari hauen helburua berrikuntza alorrean eragitea eta lehen sektorea gizarteratzea dira, besteak beste. Beraz, egitasmoak jasotakoan kontutan hartuko dituzten irizpideak dira: ideia berritzailea izatea, berrikuntzak aurreikustea, teknologia berrien aplikazioa aurreikustea, bideragarritasun ekonomikoa, enplegua sustatzea, berdintasuna aurreikustea edota egitasmoak egiten dituztenak gazteak izatea.

Ingurumenarekin lotura

Ingurugiro Etxea Fundazioa eta Urkomeren artean elkarlana beti egon dela nabarmendu du Leire Etxaniz Azpeitiko zinegotzi eta fundazioaren ordezkariak, "landa eremuaren eta ingurumenaren arteko lotura estua delako". Fundazioak, gainera, atal bateko saria emango du. "Landa eremuan garapen iraunkorra sustatzen dutenak eta ingurumen zerbitzuen berri eman eta ohartarazten" duten proiektuak baloratuko dituzte kasu honetan.

Itsasmendikoik ere hartu du parte Urkome Sariak antolatzeko orduan. "Sari hauek eremu lokaletik atera eta hedapen zabalagoa izateko aukera ematen dute", azaldu du Itsasmendikoiko teknikari Bittor Orozek. Aurreneko Urkome Sarietan saritutako adibide bat ekarri du gogora: behien edota animalien hondakinekin biogas planta martxan jartzea. Horrez gainera, berrikuntzak eta teknologia berriak erabiltzea sustatzen duten sariak direla azpimarratu du Orozek: "Atal asko ukitzen dituzte Urkome Sariek eta denen arteko orekak gure sektoreari heltzeko eta aurrera egiteko balioko du".

II. Urkome Sariak

Oinarriak:

Sarituko dituzten 6 atalak:

  • Nekazaritzaren Jardueraren Garapena.
  • Landa Eremuetako Bizi Kalitatearen hobekuntza.
  • Jarduera ekonomikoaren dibertsifikazioa.
  • Landa Eremuak betetzen dituen funtzioen zehaztapen eta errekonozimendua.
  • Sari berezia, irekia. Bozka bidez erabakiko dutena.
  • Ingurugiro Etxea Fundazioak emango duena.

Sariak. Atal bakoitzean 3.000 euro.

Eremua. Urola Kostan garatutako proiektua izan behar du.

Proiektuak. 2011n egitasmoa aurkeztu, baina gauzatu gabe dutenak.

Parte-hartzaileak. Erakunde, elkarte eta partikularrak, edota sektoreko enpresak.

Dokumentazioa. Batetik, datu pertsonalak edota elkartearenak eta bestetik, egitasmoaren gaineko informazioa.

Egitasmoak aurkezteko epea. Urriaren 15etik azaroaren 15era.

Aurkezteko tokia. Urkome (Enparan 1-2, 20730 Azpeitia. Telefono zenbakia: 943 816500).

Informazio gehiago edo antolatzaileekin harremanetan jarri nahi izanez gero, hona hemen Urkomeren webgunea

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide