Urriaren 29an jokatuko dute Azpeitiko III. Kros Mistoa

Uztarria.eus 2011ko urr. 14a, 12:10

Atzo, osteguna, aurkeztu zuten III. Kros Mistoa Ikasberri Kirol Elkartekoek. (Nerea Uranga)

Ikasberri Kirol Elkarteak antolatzen du ekimena, eta aurtengoa egiten den hirugarren aldia izango da

Izena emateko epea zabalik dago, eta 200 parte-hartzaileko muga jarri dute

Ludoteka zerbitzua eta zeliakoentzako jateko postua jarriko dituzte

Aurten hilaren 29an, zapatua, izango da Azpeitiko Herriarteko III. Kros Mistoa, Ikasberri Kirol Elkarteak antolatuta. Lasterketan parte hartu nahi dutenek, beraz, bi aste dituzte bikotea bilatu eta prestaketekin hasteko.

.18:00etan hasiko da lasterketa, plazan eta 6,7 kilometroko ibilbidea izango du.

Izena ematen duten bikoteko 20 euro ordaindu beharko dituzte aurrez. Urriaren 27an, gaueko hamabietan, itxiko dute aurrez izena emateko epea. Azpeitian Aitzaki Kirolak, Aradi Kirolak, Santi Lazkano eta Mugi Kirolak dendetan eman ahal izango da izena; Azkoitian Plaza Berri Sport dendan eta Zarautzen Nere Sport dendan. Internetez ere inskribatu daiteke izena www.herrikrossa.com webgunean. Egunean bertan ere eman ahal izango dute bikoteek izena, baina 30 euro ordaindu beharko dute.

Aurten, antolatzaileek adierazi dutenez, partaide kopuruak muga izango du: "Aurreko urteetako balantzea egin ostean, aurten parte-hartzaileen gehienezko kopurua 200 bikotekoa izatea erabaki dugu". Hori dela-eta, zerrenda betetakoan jendeak ezingo du izenik eman.

Hirugarren aldia

Azken bi urteetan antolatu du lasterketa Ikasberri Kirol Elkarteak. Aurreneko edizioan, 2009an, 111 bikote lehiatu ziren proban, eta 107k amaitu zuten. Nerea Amilibia aiarrak eta Xabier Rotetak irabazi zuten liburua, 25:08ko denbora eginda.

Aldiz, iaz, 2010ean, 175 bikotek eman zuten izena, eta 171k bukatu zuten. Ordiziako bikote batek irabazi zuen lasterketa: Maider GaztaƱagak eta Mitxel Cuadradok. Gainera, minutu bat eta zortzi segundotan hobetu zuten denbora: 24:00 minutu behar izan zituzten lasterketa bukatzeko.

Kalitatezko proba izateko, zerbitzu berezia

Hainbat zerbitzu gehigarri antolatuko ditu Ikasberri Kirol Elkarteak Kros Mistoaren egunean: ludoteka, poltsak uzteko gunea, dutxak, aparkalekua, zeliakoentzako jateko postua... "Gure helburua, jendeak ahalik eta modu erosoenean kirola egitea da eta arratsalde ederra pasatzea", azaldu dute antolatzaileek. Horregatik, lasterketaren garaian herriko plazatik gertu poltsak gordetzeko gunea eta dutxa hartzeko tokia jarriko dituzte. Horrez gainera, Soreasuko lur azpiko aparkalekuetan kotxea uzteko aukera dago.

Plazatik gertu, Iturri Txiki ludotekan, 4 urtetik 12 urtera bitarteko haurrentzako ludoteka zerbitzua jarriko dute lasterketa ari den garaian. Horrez gainera, herriko plazan parte-hartzaile zeliakoentzako janari postua jarriko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide