Lan Mobel ISBk derbia jokatuko du etxean, gaur

Uztarria.eus 2011ko urr. 14a, 11:10

Gasteizko Aurteneche Maquinaria Arabaren kontra neurtuko ditu indarrak azpeitiar taldeak

.21:00etan hasiko da partida, Kiroldegian

Iraurgi Saskibaloi Elkarteko gizonezkoen lehenengo taldeak, Lan Mobel ISB-k, Espainiako Zilarrezko Ligako denboraldiko lehenengo derbia jokatuko du gaur, ostirala, Gasteizko Aurteneche Maquinaria Arabaren kontra. 21:00etan hasiko da lehia, kiroldegian.

Lan Mobel ISBk joan den astean hasi zuen denboraldia, eta galdu egin zuenez, denboraldiko lehen garaipena gaur lortzea du helburu taldeak. Gainera, ondo ezagutzen dute Gasteizko taldea Iraurgikoek. Izan ere, duela hilabete, Euskal Kopako finala irabazi zuen azpeitiar taldeak arabar taldearen kontra. Hala ere, Iurgi Caminos Iraurgikoen entrenatzaileak finala ez duela kontutan hartuko esan du: "Bai guk eta bai haiek partida hartan baja dezente genituen". Gaurko partida jokatzeko "gogo handia" dute iraurgikoek, eta lehen "ondo egindako gauzak errepikatzen saiatuko" dira.

Teknifikazio eskola

Iraurgi Saskibaloi Elkartearen teknifikazio eskolako nesken saioak igande honetan, hilak 17, izango dira, Azpeitiko eta Azkoitiko kiroldegietan. 2000. eta 2001. urteetan jaiotako neskek 10:00etan dute saioa Azpeitiko kiroldegian. Aldiz, 2002an jaiotakoek 11:30ean dute saioa Azpeitiko kiroldegian eta 10:00etan Azkoitikoan. 2003an jaiotakoek 11:30ean dute saioa, Azpeitiko zein Azkoitiko kiroldegietan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide