Lagun Onak Mendi Bazkunak mendiko bizikleta irteera antolatu du igande honetarako, urriak 16.
Azpeitia-Zumaia-Azpeitia ibilbidea egingo dute eta Kiroldegi aurrean egina dute hitzordua, 09:00etan. Parte hartu nahi duten guztiek ordu horretarako agertzea besterik ez dute izango. 44 kilometroko ibilbidea osatuko dute irteeran, hiru ordu eta erdi inguruan egiteko modukoa, antolatzaileen aurreikuspenen arabera. Bukatutakoan, hala nahi dutenek dutxak eta bizikletak garbitzeko ura eskura izango dituzte.
Datorren astean bi irteera
Datorren asterako beste bi zita pronto dituzte Lagun Onak MBkoek. Larunbatean, hilak 22, Beriain-Lizarraga mendi ibilaldia egin eta, gero, Palacio de Azcona upategia bisitatu eta bertan bazkalduko dute Azpeitiko mendizaleek. Helduentzako ibilaldia izango da, egun osorako; 07:30ean irtengo dira autobusez herriko plazatik.
Urriaren 23rako, berriz, gaztetxoei zuzendutako ibilaldia egingo dute Azpeitiko mendizale elkartekoek, Lareoko urtegira. Goiz ibilaldia izango da. Lizarrustiko aterpera autobusez joango dira, Azpeitiko plazatik 08:00etan abiatuta. Aterpetik oinez joango dira Lareora, eta urtegiari buelta emango diote, trikuharria ikusiaz, Lizarrustira itzuli aurretik. Guztira 7 kilometroko ibilaldia osatuko dute.
Lareoko irteeran nahiz Beriain-Lizarragakoan parte hartu nahi dutenek urriaren 20a baino lehen eman behar dute izena mendizaleen tabernan, lagunonak@euskalnet.net helbidean, edo www.lagunonakmb.org webgunean.