Azpeitiar batek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu du, "terrorismoa gorestea" egotzita

Uztarria.eus 2011ko urr. 18a, 11:10

Joan den saninazioetan presoen eskubideen aldeko manifestaziorako eta kontzentraziorako deia egiteagatik eta pankartak jartzeagatik deitu dute deklaratzera

Beste bi herritarrek isuna jaso dutela ere salatu du AAMk, kasu horretan 2004an HABEAren ilegalizazioaren kontrako kontzentrazio batean parte hartzeagatik

Azpeitiar batek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu zuen atzo, urriak 17. "Terrorismoa gorestea" egotzi diote, joan den saninazioetan presoen eskubideen aldeko manifestaziorako -Amnistia Egunekoa- eta kontzentraziorako -San Inazio bezperakoa- deia egiteagatik, eta pankartak jartzeagatik. Epaiketarik egingo den ala kasua artxibatuko duten ebatsi beharko du orain epaileak.

Amnistiaren Aldeko Mugimendutik (AAM) jakinarazi dutenez, Ertzaintzak San Inazio jaien inguruan egindako txosten baten ondorioz etorri da Auzitegi Nazionalaren deia. Deklaratzera deitu duten lagunak manifestazioetarako komunikazioak "gehiagotan ere" egin izan dituela gaineratu dute, eta joan den saninazioetako bi deietan Eskubide guztiekin, euskal presoak Euskal Herrira leloarekin egin zirela ekimenak.

AAMk salatu egin du Azpeitiko bizilagun horrekin gertatutakoa eta "eskubideak aldarrikatzea inoiz ez dela delitu izan" gogoratu du. "Horrelako zigorrekin eta isunekin ez dute eragotziko euskal presoen inguruan egiten den lana. Horrelakoak soberan daude eta desagertu egin behar dira, Euskal Herrian ireki den aro berrian. Orain da garaia, inoiz baino gehiago, presoen eskubideen alde kalera ateratzeko", adierazi dute AAMtik.

Izan ere, beste bi herritarrek isuna jaso dutela ere salatu du AAMk, kasu horretan 2004an HABEAren ilegalizazioaren kontrako kontzentrazio batean parte hartzeagatik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide