XVI. Mendiko Argazki Rallya azaroaren 6an izango da

Uztarria.eus 2011ko urr. 18a, 12:10

Azpeitiko Argazki Elkarteak antolatu du argazki rallya, Lagun Onak Mendi Bazkunarekin elkarlanean

Rallya Loiolan hasi eta bertan bukatuko da

Azaroaren 6an, igandea, izango da XVI. Mendi Argazki Rallya, Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta. Rallyaren ibilbidea Loiolan hasi eta Sistiaga eta Txalintxotik pasata, berriro Loiolan bukatuko da. Bi ordu eta erdi inguruko ibilaldia izango da.

Parte hartzeko izena egunean bertan eman beharko da, 09:00etatik 09:30era bitartean. Horretarako Perez Arregi plazatxoa 1 zenbakira bertaratu beharko dute parte hartu nahi dutenek. Helduek bost euro ordaindu beharko dituzte eta 16 urtetik beherakoentzako doakoa da.

Goizean antolatutako ibilbidea egin ostean, 13:30ean, Loiolatxo Elkartean argazki makinaren txartelak deskargatu beharko dituzte parte-hartzaileek. Argazkietan jaso beharreko gaiak izena ematerakoan esango dituzte antolatzaileek, eta partaide bakoitzak 50 argazki ateratzeko aukera izango du. Ondoren, argazkiak aukeratzeko tartea ere izango dute partaideek, eta aukeratutako irudiak azaroaren 13ra bitartean bidali beharko dituzte partaidearen izena, artxiboaren izena eta gaiaren zenbakia zehaztuta, aae@azpeitikoargazkielkartea.com helbidera.

Sari ugari

Helduentzat bost sari prestatuko dituzte: lehena, 180 eurokoa; bigarrena, 150 eurokoa; eta hirugarrena, 120 eurokoa; Azpeitiko lehen sailkatuari emandako saria, 90 eurokoa izango da; eta argazki onenaren saria, 60 eurokoa. Garaikur bana ere jasoko dute.

.16 urtetik beherakoen artean hiru sari banatuko dituzte. Lehenengo saria jasotzen duenak 30 euroko txartela eskuratuko du. Bigarren egiten duenak, berriz, 20 eurokoa; eta hirugarrenak 15 euroko txartela jasoko du. Gainera, horiei guztiei ere garaikurra oparituko zaie.

Sari banaketa ekitaldia azaroaren 26an, zapatua, egingo dute Lagun Onak Mendi Bazkunaren elkartean. 18:30ean hasiko da, eta lehenengo argazki bildumen proiekzioa eskainiko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide