Oriamendi Orona Promozio Torneoko finala jokatuko dute zapatuan Matxin VI.ak eta Agirrezabalak

Uztarria.eus 2011ko urr. 18a, 13:10

Zulaika eta Zubizarreta aizarnazabaldarren kontra arituko dira lehengusuak

17:00ak inguruan hasiko da partida, Galarretan eta Agirrezabalak adierazi duenez, "partida gogorra izango da"

Datorren zapatuan, hilak 22, erremonteko Oriamendi Orona Promozio Torneoko finala jokatuko dute Matxin VI.a azpeitiarrak eta Agirrezabala matxinbentarrak, Zulaika eta Zubizarreta aizarnazabaldarren kontra. Igor Agirrezabalak Uztarriari adierazi dionez, "partida gogorra izango da, Zulaika eta Zubizarreta ere oso ondo moldatu dira-eta torneoan". Agirrezabalak finalean aurkari izango duten bikotearen "partidak ikusi" dituela eta "oso ondo jokatu" dutela txapelketan esan du. Finala, 17:00ak inguruan hasiko da, Galarretan.

Finala "gogorra" izango dela adierazi du Agirrezabalak: "Bi bikoteok lan asko egiten dugu partidetan, eta ez dugu partida erraz galdutzat ematen, saiatuak gara". Zulaika eta Zubizarreta koadrilakoak direla eta oso ondo ezagutzen direla gaineratu du matxinbentar erremontistak.

Azaroaren 1ean hasi zen txapelketa eta partida guztiak kanporaketak izan dira. Agirrezabalak jakinarazi duenez, "torneoa oso ondo joan da". Gainera, lehengusua bikote jarri ziotenez, gustura sentitu dela adierazi du: "Lehengusua izan dut txapelketako bikoe, eta oso ondo moldatu naiz. Beste edozeinekin jokatzea baino ilusio handiagoa egin zidan Matxin VI.arekin jokatzeak, ondo ezagutzen gara-eta".

Zortzi bikotek hartu dute parte txapelketan: JuanmartiƱena eta Aizpurua II, Urrutia II eta Olazar, Matxin VI eta Agirrezabala, OƱatz eta Urko, Endika eta Saldias, Zulaika eta Zubizarreta, Matxin IV eta Barrenetxea IV eta Agirresarobe eta Zubiri. Finalera iritsi aurretik hiru partida irabazi dituzte Matxin VI.ak eta Agirrezabalak, eta Zulaika eta Zubizarretak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide