Kafe Naparrak gogoeta saioei ekingo diete gaur Sanagustin kulturgunean

Urola Kostako Hitza 2011ko urr. 19a, 11:10

Sanagustin kulturgunean izango dira saioak.

Urolakoen Napar Zuzterrak taldeak antolatuko ditu saioak

Abendura bitartean asteazkenero izango dira saioak, 20:30etik 22:30era

Ekimen bat jarriko da gaur martxan Sanagustin kulturgunean. Urolako Napar Zuzterrak taldeak antolatuta, Kafe Naparrak saio sortatik lehenengoa izango da gaurkoa. Sorta hamar saiokoa da, eta gaur hasi eta abendura bitartean eskainiko dute. 20:30etik 22:30era artean izango dira saioak, Sanagustinen. Hasiera eta bukaera orduak "fin-fin" errespetatzen saiatuko direla jakinarazi dute antolatzaileek.

Nabarralderen ikuskeratik sortutako gaiekin lotuta egingo dituzte Kafe Naparrak. "1512ko konkistaren bosgarren mendeurrena izango da datorren urtean. Marko hori kontuan hartuta, nazio mailan antolatuko dira ekimenak. Eta haietan herrika nola parte hartu, eta nola sustatu landuko dugu saio hauetan. Tertulia itxura izango dute", dio Urolako Napar Zuzterrak taldeko kide Mirari Bereziartuak.

Mahaiaren bueltan elkartuko dira, eta mahaietan bilduta taldetxikietan hainbat kontutaz jardungo dute. Gero partekatu egingo dituzte mahaietan aipatutakoak. "Kafe bat hartuz tertulia pixka bat egitea da asmoa, eta parte-hartzea eragitea. Iritzien joan-etorria sustatu nahi dugu", azaldu du Bereziartuak.

Abendura arte, asteazkenero

Abendura bitartean hamar saio antolatu dituzte Kafe Naparrak ekimenaren barruan. Denak asteazkenetan izango dira, Sanagustin kulturgunean, 20:30etik 22:30era bitartean. Gaurko saioan, saiorik saio antolatuta duten egitaraua banatuko dute. Parte hartu nahi duten herritar guztientzako zabalik izango dira Kafe Naparrak.

Konkistaren urteurrenerako dauden planen berri emango dute. Gaur zortzi, berriz, Nabarraldek sortutako DVDa aurkeztuko dute. Orduan, Anjel Rekaldek bideoa bera aurkeztuko du, eta gero ikusi eta entzundakoaren gainean jardungo dute han bildutakoek.

Lapikue.net wegbgunean ikusi daiteke Mirari Bereziartua Urolakoen napar zuzterrak taldeko kideari egindako elkarrizketa

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide