Pasa den urriaren 18an, asteartea, bi batzorde berriemaile ospatu ziren Udalean: 17:00etan Ogasun eta Kontuen batzordea eta 18:30ean Hirigintza eta Ingurumen batzordea (Kontratazio Mahaia barne). Jakina, data, ordua eta lan-zerrenda aurretik jasotzen ditugu zinegotziok.
Ogasuneko batzordeko gaietan bi orduz eztabaidatu ondoren eta Kontratazio Mahaian bi esleipen egin eta gero, hastera gindoazen berehala Hirigintzako batzordea. Baina ez, Bilduko zinegotziak, alkatea barne, inongo azalpenik eman gabe jeiki eta batzordetik joan egin ziren. Ustez atseden txiki bat hartzeko. Ba, ez. Sinistu ezinik, harrituta, ikusten dugu nola joaten diren plaza nagusira, Bilduren ekitaldi politiko batean parte hartzera. Helburua: larunbatean Bilbon izango den manifestaziora joateko deia egitea.
Jakina, lotsagabekeria honen aurrean, EAJ eta Hamaikabateko zinegotziok, gure arrazoiak Udaleko teknikoei azaldu eta gero, batzordetik atera ginen.
Oraindik gaur, Alkateak ez digu inongo azalpenik eman. Honen aurrean:
- Bilduk eta Alkateak oposizioarekin duen gutxiespen eta mespretxuzko jarrera hau publikoki salatu nahi dugu.
- Alkateari berriro gogorarazi nahi diogu, Azpeitiar GUZTION Alkatea dela.
Bilduk Udalean gozatzen duen gehiengo absolutuak, ez die nahi dutena egiteko baimen osoa ematen. Alkatearen hitza dago jokoan. Denok entzun genuen bere diskurtsoa alkate kargua hartzean. Azalpen bat espero dugu, guk, EAJ/PNV eta Hamaikabateko zinegotziok, eta ordezkatzen ditugun azpeitiarrek. Hezibide eta errespetuzko kontu bat besterik ez da.