Ionek, Agirrezabalak eta Matxin III.-ak binakako txapelketa ofizialean hartuko dute parte

Uztarria.eus 2011ko aza. 3a, 11:11

Txapelketako erremontistak eta antolatzaileak, aurkezpen ekitaldian.

Ionek Zeberio II.-arekin osatuko du bikotea, Agirrezabalak Urrizarekin, eta Matxin III.-ak Urrutia I.-arekin

Txapelketa zapatuan, hilak 5, hasiko da

Ion Etxeberriak azpeitiarrak eta Igor Agirrezabala zein Xuban Oiartzabal matxinbentarrek hartuko dute parte Erremonteko 41. Bi Bitako Txapelketa Ofizialean.

Ionek Zeberio II.-arekin osatuko du bikotea, Agirrezabalak Urrizarekin, eta Matxin III.-ak Urrutia I.-arekin. Gainontzeko bikoteak Juaristik eta Lizasok, Ezkurrak eta Aizpurua II.-ak, eta Urtasunek eta Etxeberria III.-ak osatuko dituzte.

Guztira sei bikotek hartuko dute parte, eta bi taldetan banatuko dituzte. Azaroaren 5ean hasiko dira partidak jokatzen, eta lehenengo faseko partidak Galarreta (Hernani, Gipuzkoa) frontoian izango dira. Talde bakoitzetik bi bikote pasako dira finalaurreko fasera.

Finalaurreko partidak Galarretan eta Euskal Jai Berri (Uharte, Nafarroa) pilotalekuan jokatuko dituzte. Bikote bakoitzak bi partida jokatuko ditu, beste bikote baten kontra. A taldean lehenen sailkatzen den bikoteak, B taldeko bigarrenaren kontra jokatuko ditu, eta B taldeko aurrenengo postua eskuratzen duenak, berriz, A taldeko bigarrenaren kontra. Bikote bakoitzak partida bana irabaziko balu, hirugarren neurketa bat jokatuko litzatekeela aurreratu dute antolatzaileek. Finala non izango den zehaztu gabe dagoen arren, abenduaren 17an izango da.

Txapelketa, zapatuan hasita

Txapelketa zapatuan, hilak 5, hasiko da. Matxinbenta eta Azpeitiko jokalariak, ordea, hilaren 10ean hasiko dira jokatzen. Hona egutegia:

Azaroaren 10a, osteguna, Galarretan 16:00etan hasita: Juaristi eta Lizaso Matxin III.-aren eta Urrutia I.-aren kontra.

Azaroaren 12a, zapatua, Galarretan 16:00etan hasita: Zeberio eta Ion, azaroaren 5eko partidako irabazlearen kontra.

Azaroak 17, osteguna, Galarretan 16:00etan hasita: Urriza eta Agirrezabala, azaroaren 10eko partidako bikote irabazlearen kontra.

Azaroaren 19a, zapatua, Galarretan 16:00etan hasita: Zeberiok eta Ionek jokatuko dute, azaroaren 5eko galtzailearen kontra.

Azaaroaren 24a, osteguna, Galarretan 16:00etan hasita: Urriza eta Agirrezabala, azaroaren 10eko partidako galtzailearen aurka arituko dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide