Mugikortasuna izango da gai nagusia aurten Ingurumenaren Hilabetean

Uztarria.eus 2011ko aza. 8a, 10:11

Hilaren 10ean, osteguna, izango da lehenengo hitzordua

Azpeitian eta Azkoitian egingo dituzte Ingurugiro Etxea Fundazioak eta bi herrietako udalek antolatutako ekimenaren jarduerak

Azken ordukoa (Azaroak 8, asteartea): Gaurko iragarrita zegoen hitzaldia hilaren 17an izango da

Ostegunean, azaroaren 10a, hasiko da 2011ko Ingurumenaren hilabetea. Azpeitian eta Azkoitian egingo dituzte Ingurugiro Etxea Fundazioak eta bi herrietako udalek antolatutako ekimenaren jarduerak; hiru zita izango ditu hilabeteak Azpeitian eta beste hiru Azkoitian.

Mugikortasunaren gaia ardatz hartuta antolatu dute aurten Ingurumenaren hilabetea. Hori da bi herrietako ikastetxeetan ere lantzen ari diren gaia, antolatzaileek azaldu dutenez.

Lehenengo ekitaldia Azpeitian egingo dute. Etzi, hilaren 10ean, Sanagustin kulturgunean zine foruma egingo dute, 18:30ean hasita: La obsolescencia programada dokumentala ikusteko aukera izango da batetik, eta Berekoi arrazionaletik arrazionaltasun inperfektura izeneko hitzaldia emango du Juan Antonio Talledok, UNED Bergarako Filosofia irakasleak.

Azkoitiko egitarauari dagokionez, azaroaren 16an, 23an eta 24an izango dira hitzorduak han. Garraio publikoa, garraio azpiegiturak eta Eskolara oinez proiektua hizpide hartuta, bi mahai-inguru eta hitzaldi bat egingo dituzte, hurrenez hurren. Azkoitiko hiru jarduerak Elkargunean egingo dituzte, 19:00etan.

Azken ordukoa (Azaroak 8, asteartea): Gaurko iragarrita zegoen Petrolioaren krisia eta mugikortasun eredua hitzaldia hilaren 17an izango da. Bestalde, hilaren 17rako, mahai-ingurua zegoen antolatuta, baina antolatzaileek adierazi dutenez bertan behera gelditu da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide