Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna aske geldituko da, bermepean

Uztarria.eus 2011ko aza. 8a, 11:11

Datozen orduetan irtengo du Avilako Brieva espetxetik, 12.000 euroko fidantza ordainduta

Izagirre Ziburun atxilotu zuen Frantziako poliziak, 2010eko maiatzaren 6an

Olatz Izagirre Azpeitiko bizilaguna baldintzapean aske geldituko, 12.000 euroko fidantza ordainduta. Izagirreren senitartekoek adierazi dutenez, "arratsalde bukaera alderako irtengo du Avilako Brieva espetxetik, orain tramiteak egiten ari gara-eta". Berarekin batera libre utziko dute Idiazabalgo Jon Telleria. Izagirre Ziburun atxilotu zuen Frantziako poliziak, 2010eko maiatzaren 6an.

2009ko azaroan polizia operazio zabala egin zuten Euskal Herrian. Segi gazte erakundearekin lotura dutelakoan 36 gazte atxilotu zituzten Gipuzkoan, Araban, Bizkaian, Nafarroan eta Lapurdin. Azpeitian ere izan zen Guardia Zibila, azaroaren 23 gauean. Herrian bizi zen Urnietako Olatz Izagirreren etxean izan zen, haren bila joanda, baina ez zuten bertan aurkitu. Hala ere etxea miatzen jardun zuen Guardia Zibilak.

Orduko polizia operazioaz geroztik, Donibane-Lohitzunen bizi zen Olatz Izagirre iheslari politiko gisa, eta joan den maiatzaren 6an frantziako poliziak atxilotu zuen Ziburun. Berarekin batera, Asier Coloma, Gaizka Likona eta Carlos Renedo atxilotu zituzten.

2010eko ekainaren 15ean Izagirreren kontrako euroagindua onartu zuen Paueko auzitegiak, eta orduz geroztik Avilako (Espainia) Brieva espetxean egon da preso.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide