Eskaintza berezia eginez aurkeztu dute eskualdeko lehen sektoreko azoka birtuala

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 8a, 16:11

www. urolakostaonline.com webguneak 43 ekoizle biltzen ditu momentuz

Etorkizunean gehiagok parte hartzea da asmoa

Urola Kostako lehen sektoreko ekoizleen azoka birtuala aurkeztu zuten joan den ostiralean Azpeitiko Sanagustin kulturgunean; www. urolakostaonline.com webgunea, hain zuzen ere. Azaroan bezeroei beherapenak eskainiz zabaldu dute azoka birtuala.

Urkometik, Urola Kostako Landa Garapen Elkartetik, prestatu dute plataforma digitala. Webgunearen aurkezpenean Eusko Jaurlaritzako Landa eta Itsasertzaren Garapeneko zuzendari Pablo Medranok, Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Garapeneko teknikari Olatz Estonbak, eta Urkomeko lehendakari Manuel Labakak hartu zuten parte, hainbat ekoizlerekin batera.

Plataforma digitalak hiru ardatz nagusi ditu: Urola Kostak eskaintzen dituen aukerak bisitariei aurkeztea, eskualdean dauden zerbitzuen berri ematea, eta, azoka birtuala. Azokak hainbat produktu biltzen du: barazkiak, fruituak, okela, esnekiak, edariak, ogia eta gozoak, txerrikiak, eztia, bakailaoa eta kontserbak, besteren artean.

Elkarlanerako tresna

"Elkarlana" bultzatzeko tresna dela azaldu dute webgunearen sustatzaileek. "Eskualdeko baliabide anitzen artean sinergiak sortu, eta elkarlana bultzatzeko tresna izan dadin nahi dugu". Era berean, lehenengo sektoreari bultzada eman nahi diote.

Azokaren bitartez, ekoizten dituzten produktuak ezagutarazteko aukera eskaini nahi diete ekoizle txikiei eta, era berean, produktuok saltzeko aukera eman. Momentuz 43 ekoizle biltzen ditu azoka birtualak. Baina denborarekin kideak ekimenera gehitu daitezen dute asmoa. "Proiektuak aurrera egin ahala, ekoizle gehiago sartzeko aukera ikusten dugu", azaldu dute.

Azaroan on-line dendako produktu guztietan %5eko beherapena dute bezeroek. Horrez gain, eskualde mailan 30 eurotik gorako erosketak egiten dituztenek bidaltzeko gasturik ordaindu gabe jasoko dituzte produktuak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide