Uholdeetan kaltetuak izan direnentzako jarraibideak eman ditu Udalak

Uztarria.eus 2011ko aza. 8a, 19:11

Kalteen ebaluazioa egiten ari dira

Kalteak izan dituztenei lehenbailehen aseguru-etxeekin harremanetan jartzeko gomendatzen die Udalak

Igandean izandako uholdeek herrian eragin dituzten kalteei aurre egiteko plana jarri du abian Azpeitiko Udalak. Igandean bertan uholdeak saihesteko hartu zituzten neurriez gain, kalteen ebaluazioa egiten ari da Udala. Era berean, hainbat instituzioekin bilerak egiten dihardu; Eusko Jaurlaritzako Barne Sailarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, besteak beste.

Kalteak jasan dituzten herritarrei zuzenduta, berriz, jarraibideak plazaratu dituzte Udaletik. Hain zuzen ere, pauso hauek ematea gomendatzen diete:

  • Lehenik eta behin aseguru-etxeekin kontaktuan jar daitezela. "Kontuan izan epe laburra izaten dela horretarako; ohikoena, kaltea jasan eta zazpi eguneko epea" izaten dela gogorarazi dute udal arduradunek. Aseguruaren polizak gertatutakoa kubrituko ez balu, aseguru kontsortziora deitu edo zuzenean joan beharko lukete kaltetutakoek: 943 433760 da kontsortzioaren telefono zenbakia.
  • Asegururik ez dutenek, berriz, zuzenean kontsortziora deitu behar dute.
  • Argazki eta bideoak egitea garrantzitsua dela diote udal arduradunek, gero aseguruari parte emateko.
  • Kaltetutako materialak (altzariak, etxetresna elektrikoa,...) "ez bota, gorde".
  • Hemendik aurrerako lanen (margoketak, izorratutako elementu berriak...) fakturak jasotzea ere eskatzen zaie kaltetuei, ondoren norberaren aseguru-etxeari aurkezteko.
  • Uholdeen ondorioz etxebizitza arazoak dituzten bizilagunei, berriz, Udaleko Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jartzeko eskatzen zaie. Larrialdietarako etxebizitza bat badu Udalak eta beharra duten familiei han egoteko aukera eskainiko zaie.

Zalantzak eta galderak zuzenean Udaleko bulegoetan egin ditzakete kaltetuek, edota bertako 943 157200 telefonora deituta.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide