Palestinara bidaltzeko sendagaien bilketa egingo dute

Uztarria.eus 2011ko aza. 9a, 11:11

Azpeitiko Gaztetxeak Biladi elkartearekin elkarlanean antolatu du ekimena

Sendagaiak astearteetan, 10:00etatik 12:30era, eta zapatuetan, 10:00etatik 18:00etara bitartean, plazan eta Sanjuandegin jasoko dituzte

Azpeitiko Gaztetxeak Biladi elkartearekin elkarlanean antolatuta, Palestinara bidaltzeko sendagaien bilketa kanpaina egingo dute datozen egunetan herrian. Gaztetxekoek adierazi dutenez, "Jesus Artetxe tolosar aktibistak errefuxiatu eremura egin beharreko bidaiarako laguntza eskaini nahi izan diogu gazte asanbladatik". Bestalde, "Israelen okupazio militarra salatu" dute gaztetxekoek.

Sendagaiak astearteetan, 10:00etatik 12:30era, eta zapatuetan, 10:00etatik 18:00etara bitartean, plazan eta Sanjuandegin jarriko dituzten mahaietan jasoko dituzte. Ezin da edozein sendagai utzi mahai horietan. Fibromialgia, Epilepsia eta min neuropatikoaren kontrako farmakoak (Prebalina edota Liryca-ren ordezkoak), Ibuprofeno, Paracetamol edo Algidol ala bere ordezko Adroferti soilik jasoko dituzte.

Farmazietan kutxak

Herriko farmazietan, gainera, sendagaiak jasotzeko kutxak jarriko dituzte, hilabete honetan. Gaztetxekoek esan dutenez, "Azpeitiarrei dei egiten diegu, garai latzan bizi ditugun arren, ahal den ekarpena egiteko zapaldutako herri honetako aurpegi gordinenari. Laguntza internazionala baita lurralde hauen itxaropen bakarra".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide