Derbia auzolanean

Uztarria.eus 2011ko aza. 12a, 14:11

Ikasberri eta Lagun Onakeko jubeniletako kapitainak, entrenatzaileak eta klubetako ordezkariak, gaur eguerdian Garmendipen, zozketatuko duten elastikoarekin.

Jubenilen Ohorezko Mailako Ikasberri-Lagun Onak partidarako zozketa bereziak prestatu dituzte, Kilometroen aldeko kamixeta ordaintzen laguntzeko

Azpeitiarren arteko neurketa igandean (hilak 13) izango da, Garmendipen, 16:30ean

Derbia izango da bihar (hilak 13) Garmendipen, eta derbi berezia izango da, gainera. Jubenilen Ohorezko Mailako Ikasberri eta Lagun Onak aurrez aurre ariko dira, 16:30ean hasita, eta bi klubek auzolanerako baliatu nahi izan dute igandeko zita. "Euri-jasa handiirik ez bada", zelai nagusian, belar naturalean, jokatuko dutela aurreratu dute.

Lagun Onakeko talde nagusia, Espainiako Hirugarren Mailakoa, Azpeitiko Ikastola Ikasberrik antolatutako Kilometroak 2011 festaren aldeko elastikoarekin ari da jokatzen denboraldi honetan. Hain zuzen ere, kamiseta hori ordaintzen laguntzeko eta, beraz, Kilometroen aldeko diru-bilketa eginez, herriko bi futbol klubek zozketa bereziak prestatu dituzte jubenilek jokatuko duten derbirako.

Bi zozketa egingo dituzte bihar: Kilometroen aldeko elastiko bat zozketatuko dute, alde batetik; eta Zabala harategiak emandako bi txuleta eta Galarraga baserriko gazta bat, bestetik.

Ikasberrik eta Lagun Onakek jubenilen derbira joateko gonbita egin diete herritar guztiei eta, bereziki, aipatutako bi zozketetan parte hartzeko deia; bi taldeetako kapitainak, entrenatzaileak eta klubetako ordekariak Garmendipen elkartu dira gaur, larunbata, berezia izatea nahi duten zitarako deialdia egiteko. Sarrera doan izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide