"Bestelako jendarte eredu bat eraikitzeko zubia" izan nahi du Amaiurrek

Uztarria.eus 2011ko aza. 14a, 17:11

Maite Aristegi, eskubi aldean, Amaiaurren zerrenda-kidez eta bailarako ordezkariz inguratuta, Frontoi Txikiko oholtzan.

Maite Aristegik eta Alberto Unamunzagak hartu zuten hitza Azpeitiko mitinean

Dozenaka lagun elkartu ziren Frontoi Txikian, musikaz eta dantzaz lotutako ekitaldia jarraitzeko

Amaiur koalizioak azaroaren 20ko Espainiako hauteskundeei begira Urola Erdirako aurreikusitako ekitaldi nagusia burutu zuen ostiralean, hilak 11, Azpeitian.

Dozenaka lagun elkartu ziren Frontoi Txikian, musikaz eta dantzaz lotutako ekitaldia jarraitzeko. Txalapartaren doinuekin hasita, Mikel Laboaren eta Xabier Leteren musikarekin tartekatu ziren politikoen ahotsak. Maite Aristegik, Madrilgo Legebiltzarrerako Gipuzkoako zerrendaburuak, eta Alberto Unamunzagak, Senaturako zerrendako bigarren hautagaiak, hartu zuten hitza Azpeitiko mitinean. Ondoan izan zituzten azaroaren 20ko hauteskunde zerrendan kide dituzten beste batzuk ere, Rafa Larreina esaterako; Urola Erdiko udaletako Bilduren ordezkariak ere bai, eta koalizioa osatzen duten alderdietako ordezkariak, "Amaiur posible egin duten eskualdeko ordezkari instituzionalak eta eragile sozial eta politikoetako kideak".

Ekitaldian gogoratu zutenez, "bestelako jendarte eredu bat eraikitzeko zubia" izan nahi du Amaiurrek. "Euskal Herriaren etorkizuna beste parametro batzuetatik eraikitzearen beharra gero eta nabarmenagoa" dela esan zuten hizlariek, bai politikoki, "bizi dugun momentu historikoa" kontuan hartuta, eta baita sozialki ere, krisi ekonomikoari erreferentzia eginez. "Euskal Herriari dagozkion eskubideak onartzearen exijentzia Madrilen ere ozen" entzuteko, "hautesontziak Amaiurren papeletekin bete behar" direla esan zuten Frontoi Txikian, koalizioaren aldeko botoa eskatuz.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide