LTDeko kate berriak udalerri osoan ikusi ahal izateko bideak "aztertzen" ari dela esan du Udalak

Uztarria.eus 2011ko aza. 14a, 18:11

Urrestillan, Nuarben, Aratzerrekan, Oñatzen eta Matxinbentan ezin dute bigarren belaunaldi-ko kate horien seinalerik jaso

LTDaren hasierako zabalkundean gertatu zen arazo bera errepikatu da

LTDeko kate berriak udalerri osoan ikusi ahal izateko bideak "aztertzen" ari dela jakinarazi du Udalak, hainbat bizilagunen kexak jaso ondoren. Urrestillan, Nuarben, Aratzerrekan, Oñatzen eta Matxinbentan ezin dute bigarren belaunaldi-ko kate deituriko horien seinalerik jaso. Hamasei dira kateak eta horien artean daude, besteak beste, Nitro eta Teledeporte. Udaletik adierazi dutenez, azken bi kate hauek ezin ikusi izanak eragin omen ditu kexa gehienak.

LTDaren hasierako zabalkundean gertatu zen arazo bera errepikatu da orain LTDaren bigarren zabalkundean sartu diren kateekin. Abertis-ek, Espainiako estatuko telebista kateen hedapenaren ardura duen enpresak, legeak agindutako populazioaren %95-98ko tartea betetzeraino hedatu ditu seinaleak, baina ez %100 osatu arte. Horrenbestez, telebista errepikagailu txiki asko gelditu dira seinalearen hedapenetik kanpo. Udaletik esan dutenez, horrelakoak "pila bat dira EAEn", eta Azpeitian ere bai: Lepasorokoa, Oñazkoa, Nuarbekoa eta Matxinbentakoa, hain zuzen.

Udalak dio "erakunde desberdinekin harremanetan dagoela, aterabidea ahalik eta azkarren emateko asmoz". LTDaren aurreneko hedapenean gertatu bezala, Eusko Jaurlaritzaren, foru aldundien eta Eudelen arteko akordioaren "zain" legoke Itelazpi -Jaurlaritzaren telekomunikazio enpresa publikoa-, "errepikagailu txiki horietan ere kate berrien instalazioa finantzatzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide