Monika Juaristi: "Liburuan ez jaso arren, Bergarak oraindik zer kontatua baduela iruditzen zait"

Uztarria.eus 2011ko aza. 16a, 11:11

Zapatuan aurkeztuko du Uztarria Komunikazio Taldeak Iñaki Bergararen inguruko liburuxka biografikoa, Antzerki Topaketen baitan

Monika Juaristik idatzi du libuxka, eta Uztarria.com-ek berarekin hitz egin du

Datorren zapatuan aurkeztuko du Uztarria Komunikazio Taldeak Iñaki Bergara 'Pio'-ri buruzko liburuxka biografikoa. Monika Juaristi azpeitiar kazetariak idatzi du liburua, eta aurkezpen ekitaldia 12:00etan izango da, Sanagustin Kulturgunean. Antzerki Topaketen baitan, gainera, Txalo Saria jasoko du ekitaldi berean.

Datozen egunetan jasoko dituzte Uztarriako bazkideek liburuxka biografikoak etxean.

Uztarria.com-ek Bergararen liburuaren egile Monika Juaristirekin hitz egin du, liburuaz-eta.

Zer moduzko esperientzia izan da liburua idaztea?

Oso polita. Denbora gutxian egindako lana izan da liburua, eta dudan pena bakarra, denbora gehiago ez izatea da. Oso pertsona interesgarria da Iñaki Bergara eta liburuan jaso ez arren, oraindik zer kontatua baduela iruditzen zait.

Gustura idatzi al duzu liburua?

Bai, oso gustura. Iñaki Bergara pertsona esanguratsua da. Bizitza oparoa izan duen pertsona. Historia eta istorio askokoa. Beraren inguruko liburua idazteko zortea izan dut. Lan giro ederra topatu eta jende jatorra ezagutzeko aukera izan dut.

Zer izan da zuretzat Inaki Bergara 'Pio'-ren liburua idaztea?

Niretzat sekulako ohorea izan da liburu hau idaztea. Oso gizon ona da 'Pio'; inguruko guztiek izugarri maite dute. Bizi guztian lan asko egin du. Horregatik, oso merezia du halako omenaldia.

Liburua osatzeko elkarrizketa ugari egin duzu, ezta?

Bai. Lata handia eman diet elkarrizketatuei. Liburua idazteko ardura hartu nuenetik ia egunero egon naiz norbaitekin: Antxieta Antzerki Taldeko kide ohiekin, Lakrikun Antzerki Taldekoekin, Iñakiren familiakoekin, lagunekin, lankideekin, ezagunekin... Eta nola ez, baita Iñaki berarekin ere. Oso jende jatorrarekin egon naiz eta asko lagundu didate guztiek. Beraz, horiei guztiei eskerrak eman beharrean nago.

Erreza egin al zaizu Bergararen bizitza laburbildu eta idaztea?

Ez! Horrenbeste lan eta dedikazio ez da laburbiltzen erraza. Bizitza guztian zehar lana besterik ez du egin; eta informazio guztia bildua nuela uste nuen bakoitzean, beti kontatzen zidan berak edo besteren batek zerbait berria. Hala ere, eta esan bezala, oso gustura idatzi dut Bergararen biografia.

Liburua egiterakoan, lan gehien zerk eman dizu?

Zerotik hasteak. Nik ez nuen Iñaki ezagutzen; Kaxkurrio ezagutzen nuen. Hasieran, asko kostatu zitzaidan telefonoa hartu eta ezagutzen ez nuen jendeari deitzea. Inoiz hitzegin ez nuen jendea izan da elkarrizketatu dudan gehiengoa; baina oso ondo hartu naute guztiek. Iñakiren inguruko giroa inbidia emateko modukoa da.

Horrelako lan bat egiten duzun lehen aldia izanda, zer balorazio egiten duzu?

Balorazio oso ona egiten dut. Hasieran beldurra nuen arren, lana egiteko erabakia hartu nuen eta gustura gelditu naiz egindakoarekin. Beraz, balorazioa positiboa da.

Pertsona batek bizitzan hiru gauza egin behar omen ditu: liburua idatzi, zuhaitz bat landatu eta guraso izan. Bat egin duzu jada...

Konturatzerako liburua idatzi dut. Zuhaitzarena akaso egingo dut, baina guraso izatea... Horrek itxaron egin beharko du.

Zapatuan izango da aurkezpena, eta jende askok jasoko du liburua etxean.

Halaxe da, bai. Herritar askok irakurriko duten lana da, eta baita kanpoko jendeak ere. Liburua idazterakoan askotan errepikatzen nion hori neure buruari: "Jende askok letu behar du eta ondo egin beher dut". Eta horrek ere motibatu nau.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide