Igandean aizkora apustua jokatuko du Erlon Jose Mari Gorrotxategik

Urola Kostako Hitza 2011ko aza. 17a, 19:11

Jose Mari Gorrotxategi

.66 minututan, berak dituen urte bakoitzeko minutu bat, alegia, Erloko pago zaharra botatzen saiatuko da

"Uda guztian arbola horri begira egon gara eta, orain, animoso nago", dio

Dituen urte adina minutu, 66 minutu, alegia, izango ditu Jose Mari Gorrotxategi Alabier-ek Erloko pago zaharra botatzeko. Horiexek dira igandean (azaroak 20) jokatuko duen desafioaren baldintzak: zenbat urte, hainbat minututan baietz bota pagoa, alegia. Igandean 11:00etan ekingo dio desafioari azpeitiarrak.

Pago zaharra Erloko indarraren etxe txikitik gertu dago. "Kaxetatik beheraxeago, bertan dago. Ihartuta dagoen pagoa da; hura tximistak ihartuta dago", dio Gorrotxategik. Bi metro eta 70 zentimetroko gerria du pagoak; kana bat eta 20 zentimetroko egurra da. Garaia dena delako zer eguraldi egingo ote duen kezka izan du Gorrotxategik, baina ona egingo duelakoan dago orain. Hala dio: "Ni neu ez naiz eguraldi igarle ona, baina beti Joxe Landaren iragarpenei adi egoten naiz, eta honek igandera arte ona egingo duela esan du".

Igandean apustua ikustera animatu ditu herritarrak, baina Izarraitzera "oinez" igotzeko esan die. Izarraitzeko pistako langa goizeko 10:00ak bitartean ireki egingo dute, Erlora oinez joateko ezina dutenek autoz igotzeko aukera izan dezaten. "Langa oinez igo ezin dutenentzako irekiko da, baina sasoian daudenak oinez joan ditezela. Neu ere halaxe joango naiz eta", esan du Gorrotxategik.

Etxetik oinez Erlora

Gorrotxategi bera Izarraitzen bizi da, Lastaola baserrian. Handik pagoa dagoen tokira ordubete du oinez, eta halaxe joango da igandean ere. "Oinez, berotuz eta beroketak eginez joango naiz eta, behin pagoa dagoen tokira iristen naizenean, salda pixka bat hartzeko asmoa dut", dio igandeko planak aurreratuz.

Lagun artean sortutako desafioa izan da, eta giroa animatzen ari da herrian. Atzo, Mendizabalenean bazkaldu zuen; Azpeitiko apustuzaleen biltokietako bat da hori. Taberna horretan bertan hainbat apustu tajutu dira. Gorrotxategi bera ere desafio zalea da, "desafio kontua betidanik izan dut gustukoa, eta lehen ere horrelako sasi-apustuetan ibilitakoak gara gu".

Gorrotxategi Xoxote mendian hainbat lagunekin biltzen da sarritan, eta han sortu zen apustuaren kontua. Besteren bat ibili zela ihartutako pago hori bota nahian, ez zuela bota, eta dituen urteko minutu bat hartuta berak botako zuela egin zuen apustu lagunekin. Iganderako gogoz dago: "Ni egoskor nago. Gero, ikusi egin beharko dugu baina, orain, animoso nago, uda guztian pago horri begira egon gara eta".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide