Presoen aldeko bosgarren boulder txapelketa jokatuko dute zapatuan

Uztarria.eus 2011ko aza. 23a, 10:11

2010eko txapelketako argazkia.

Zapatuan izango da txapelketa, eta eskalatzaileak hiru mailatan banatuta lehiatuko dira

Txapelketan parte hartzeko egunean bertan, 10:00etatik 11:00etara eman ahal izango da izena

Bosgarren urtez jarraian, datorren zapatuan, hilak 26, Euskal Presoak Euskal Harrietara eskaladako Boulder Txapelketa jokatuko da gaztetxean. Ondarreko eskaladako lokalean ibiltzen diren eskalatzaileek antolatu duten ekimena goizean hasiko da. Antolatzaileek adierazi dutenez, " urratzen dituzten oinarrizko eskubideak defendatzearren lanean dabilen jendeari elkartasuna adierazteko" antolatu dute txapelketa. "Euskal preso politikoen eskubideez ari gara" diote antolatzaileek: "Gaixotasun sendaezinak dituzten presoen kaleratzeaz, kondena beteta duten presoen kaleratzeaz, mendeku hutsagatik bizi osorako kartzela zigorra luzatu dieten presoen kaleratzeaz, senide eta lagunek dispertsioaren eraginez milaka kilometro egin beharraz, eta horrek suposatzen duen istripu arrisku eta kostu ekonomiko jasangaitzaz".

Eskalatzaileak maila desberdinetan banatuta lehiatuko dira: 11:00etatik 13:00etara bitartean, hasiberrien mailako txapelketa izango da. 15:00etan, arituen txanda izango da. 17:30etatik aurrera, berriz, eliteko eskalatzaileen arteko lehiaz gozatzeko aukera egongo da.

Izena, egunean bertan, 10:00etatik 11:00etara bitartean eman beharko da, gaztetxean. 10 euroren trukean, elastikoa eta zozketa zenbakia emango dituzte. Txapelketak bukatzen direnean, sari-banaketa eta eskalatzeko materialaren zozketa egingo dute.

Antolatzaileek jendeari animatzeko edo txapelketa ikustera bertaratzeko adierazi dute.

Ikus-entzunezko emanaldia, ostiralean

Txapelketaren aurreko egunean, ostiralean, Goi-mendi eskaladak ikus-entzunezkoa emango dute gaztetxean, 22:00etan hasita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide